Itzuli

Onetsi egin da Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko 1/2019 Foru Legearen aldaketa

Diru-esleipenaren gehikuntza progresibo bat ezarri da, halako moldez non gutxienez aurrekontu orokorren %1,5ekoa izanen baita 2030etik aurrera, eta adimen artifizialaren erabilera arautu da

    Itxaso Soto Itxaso Soto

    Parlamentuaren Osoko Bilkurak onetsi egin du gaur Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legearen aldaketa. PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin alderdiek alde bozkatu dute, eta UPN eta Vox alderdiek, berriz, kontra.

     

    PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdiek sustatutako Foru Legearen xedea da araudia testuinguru sozial eta teknologiko berriaren berezitasunetara egokitzea, eta horrela, haren ezarpenak ekarri zuen paradigma-aldaketan sakonduz, bermatzea “eskubide kulturalak osotara eta libreki erabiltzea egiazko berdintasunean”.

     

    Xede horrekin, eta Nafarroako Gobernuaren “eginkizun kulturala” edukiz hornitzera bideratutako “jarduerak eta zerbitzuak” modu optimoan gauzatzeko “behar besteko” diru-esleipen bat bermatze aldera, agindu da aurrekontu-zuzkidura “pixkanaka” handituko dela, halako moldez non, 2030etik aurrera, “ezin izanen” baita izan Nafarroako Kontu Orokorren “%1,5 baino txikiagoa”.

     

    Ildo horretan, eta Nafarroako kultura-sistemaren “lehiakortasunari euste” aldera, pizgarri fiskalak eta mezenasgokoak aldizka berrikusiko direla ezarri da, “aurrekontu-baliabideak kontua hartuta, gutxieneko gastua finkatzen eta areagotzen laguntze” aldera.

     

    Eremu teknologikoan, 1/2019 Foru Legearen aldaketan aitortzen da sistema berriak erabiltzen ahalko direla, hala nola adimen artifiziala, sormen artistikoko prozesuetan; betiere, “tresna lagungarri” gisa erabiltzen bada, eta ez “ordezko” tresna gisa.

     

    Aipatutako ohartarazpena, “jabetza intelektualarekiko errespetua” ere aipatzen duena, jardueretakoedo zerbitzuetako agindu teknikoen orrietan jasoko da (edo baliabide berekietara egindako enkarguetan), bai eta diruz laguntzekoak diren jardueretan ere. Horretarako, “ahalegina eginen da berariazko klausula bat sartzeko, esku-hartzearen maila zehazteko betebeharra ezarriko duena, eta, kasua bada, baita proiektua gauzatzen duten pertsonen ikuskatzaile-eginkizuna ere”.

     

    Edonola ere, eta arautze propioa zehazten den arte, bermatu beharko da adimen eta jabetza intelektualaren alorrean indarrean dagoen araudia betetzen dela, eta datasetaren gardentasuna ziurtatu beharko da.

    Izena eman gure buletina jasotzeko