Ongizate Estatua Konstituzioan blindatzea eskatu du Geroa Baik, eskubide sozialak eta zerbitzu publikoak bermatzeko
Zor publikoa ordaintzeko Konstituzioan ezartzen den lehentasuna deuseztatzeko Geroa Bairen proposamena PP, PSOE eta Voxek baztertu egin zutela gogorarazi dute Barkosek eta Azconak
Ongizate Estatua Konstituzioan blindatzea eskatu du gaur Geroa Baik, zerbitzu publikoen finantzaketa eta eskubide sozialen babesa bermatzeko helburuarekin. Horrela defendatu du Pablo Azcona Kongresurako hautagaiak, ziurtatuz “ez dela nahikoa eskubide sozialen defendatzaile gisa agertzea. Erabakiekin eta botoekin frogatu beharra dago”.
Zentzu honetan, Azconak gogorarazi du 2011an Alderdi Sozialistak eta Alderdi Popularrak Konstituzioaren 135 artikuluaren erreforma adostu zutela zor publikoaren ordainketari lehentasuna emateko, eta azpimarratu duenez, erabaki horrek “aurrekontuaren politikak baldintzatzen ditu, bai eta administrazioek zerbitzu publikoak finantzatzeko duten gaitasuna ere”.
Modu honetan, Kongresurako Geroa Bairen hautagaiak gogorarazi du 2025ko maiatzean Uxue Barkosek mozio bat defendatu zuela Senatuan 135 artikuluaren aurreko idazketa berreskuratzeko eta Aurrekontuen Egonkortasun Legea aldatzeko, ekimen hori PP, PSOE eta Voxen aurkako botoekin baztertua izan zelarik.
“Alderdi Popularra eta ultraeskuina premiatzen ditugu, defendatzen duten zerbitzu publikoen eredua azal dezaten. Baina baita Alderdi Sozialista ere, behin eta berriro aldarrikatzen baitu Ongizate Estatua eta, bere finantzaketa baldintzatzen duten arauak aldatzekok aukera duenean, aurka bozkatzen baitu”, kritikatu du Azconak.
Kongresurako hautagaiak azpimarratu duenez, erabaki hauek Nafarroarentzako ondorio zuzenak dituzte, estatu mailako aurrekontu arauek, erakundeek zerbitzu publikoetan inbertitzeko eta herritarren beharrei erantzuteko duten gaitasunarengan eragina baitute. “Aurrekontuen egonkortasuna ezin da eskubideak bermatzeko oztopo bihurtu”, defendatu du.
Bere aldetik, Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak berretsi egin du “ezin dela Ongizate Estatuaren benetako blindajerik egon espainiar Konstituzioak zor publikoa ordaintzeari lehentasun osoa ematen dion bitartean, zerbitzu publikoen finantzaketari babes berdina eskaintzen ez badio”.
Halaber, Barkosek planteatu du Konstituzioaren erreforma egiteko beharrezkoa diren gehiengorik ez badago, Aurrekontuen Egonkortasunerako Legearen aldaketak egin daitezela gutxienez, zerbitzu publikoen babesean aurrera egitea ahalbidetzeko.
“Ongizate Estatua ez da adierazpenekin blindatzen. Legeekin, aurrekontuekin eta borondate politikoarekin babesten da”, azpimarratu du Barkosek, aldarrikapen hau Gorte Orokorretan defendatzen jarraitzeko Geroa Bairen konpromisoa berretsiz.
Azkenik, Ongizate Estatuaren blindajea eskatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du ere Barkosek, bai eta zerbitzu publikoen finantzaketa bermatzeko beharrezkoak diren lege aldaketak bultzatzeko ere. “Gure zerbitzu publikoen finantzaketa baldintzatzen duten arauak aldatzeari ez diogu uko egingo, ez eta eskubide sozialek merezi duten bermea eskatzeari ere”, amaitu du esanez.
Uxue Barkos