Itzuli

Oroimen Demokratikoaren Legeak ez duela Mikel Zabalza ez eta gerra zikinaren beste biktimarik aitortzen salatu du Koldo Martínezek

    Koldo Martínez Koldo Martínez

     

    Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak gaur Goi Ganberako Batzorde Konstituzionalean salatu duenez, Oroimen Demokratikoaren lege proiektuak Mikel Zabalza eta gerra zikinaren beste biktimen krimenak legetik kanpo uzten ditu.

     

    “Ez dugu legearen denbora-esparrua onartzen. Ez dugu ulertzen legeak 1978 urtea ezartzea oroimenaren amaiera data moduan, eta PSOEk eta EH Bilduk 1982 urteraino hedatzea negoziatu duten arren, ez dakigu zergatik. Lege honekin Lasa eta Zabalaren hilketa ikertzeko aukera zegoen, baina ez Mikel Zabalzarena. Ez eta beste biktima askorena ere. Ez dugu ulertzen, ez eta ontzat ematen ere”, azpimarratu du Koldo Martínezek Batzorde Konstituzionalean eman den legearen eztabaidan, datorren astean Goi Ganberako osoko bilkurara irizpena eramango delarik.

     

    Legearen denbora esparrua, gutxienez, 1989ko irailaren 20ra luzatzea proposatzen du Geroa Baik, José Antonio Cardosa postaria, berari zuzendua ez zihoan pakete-bonba batek eztanda egin ostean hil zen dataraino alegia. Koldo Martínezek gogorarazi duenez, Barne Ministerioko goi karguek ziurtatu zuten Ministerioak berak antolatutako pakete-bonba kanpaina baten baitan gertatu zela atentatua.

     

    “Giza eskubideen urraketek -salatu du Koldo Martínezek-1978ko Konstituzioa onartu ondoren jarraitu egin zuten. GALen azken krimena 1989ko irailaren 20an gertatu zen, postari bati, José Antonio Cardosari, Errenterian pakete-bonba batek eztanda egin ondoren, berari zuzendua ez zen arren. Hori, ziurrenik Barne Ministeriotik antolatutako atentatu kanpaina baten baitan gertatu zen, eta ziurrenik orduan oposizioko alderdi maioritarioa zenaren oniritziarekin. Edo GALen azken hilketa Josu Muguruzarena izan ote zen urte hartako azaroaren 20an?”, galdegin du Koldo Martínezek.

     

    “Bestalde -gogorarazi du Geroa Baiko senatariak-, ETAren azken krimena 2010eko martxoan izan zen, jarduera terroristari utziko ziola iragarri baino urtebete lehen, eta hau ere gure oroimenaren zati da, antolakunde terrorista horrek eta bere akolitoek eragin duen alferrikako sufrimendua kontuan izanik, eta ez dugu ahaztu nahi eta ez dugu ahaztu behar ere”.

     

    Biktima eta biktimarioen zerrenda

     

     

    “Egiaren bilaketan, giza eskubideen urraketa guztien ikerketak erabateko askatasuna behar du, kanpotik gaineraturiko zailtasunik eta oztoporik gabe. Eta horregatik da beharrezkoa ere biktima eta biktimarioen zerrenda. Biktimak ez dira fenomeno naturalak izan. Pertsona zehatzek bihurtu zituzten biktima. Eta beharrezkoa da horiek aitortzea, beharrezkoa da ere biktimarioak ezagutzea, bai eta haien aginte katea eta motibazioak ere. Egia lortzeko exijentzia da. Ezagutza hori gabe, egia, egia erdia da. Eta bake bidea ezin da orain arte bezala eraikitzen jarraitu, isilune eta ezkutatzeetan oinarrituz”, ziurtatu du Koldo Martínezek.

     

    Kolpistek eraildako apaizak

     

    Ildo berean, biktimen artean kolpistek eraildako apaizak ere aipatzea eskatu du Geroa Baik, “eliza katolikoaren jokaera ez baitzen uniformea izan Estatuan eta elizaren barruan behar bezala jokatu zutenak ere egon ziren, agintzen zitzaiena egin ordez. Era berean, torturatutako pertsonak eta atxiloketa bidegabeak pairatu zituztenak modu espezifikoan agertu beharko lirateke ere”.

     

    Nafarroa adibide moduan

     

    Koldo Martínezek gogorarazi duenez, Nafarroak jada bidea egin du oroimenaren alorrean. “Estatuko erakundeek beste alde batera begiratzen zuten bitartean erkidego ezberdinetan garatu diren tresnak eduki beharko ditu lege berriak. Adibide moduan, Nafarroako Gobernuak 2015ean hasita, Geroa Bai lehendakaritzan zegoenean, burutu duen lana, hala nola deshobiratzeekin, DNA bakuak, oroimen eskolak, edo polizia abusuen biktimen foru legearen garapena. Oroimena defendatu duten elkarte memorialistei buruz ere ari naiz, eta niretzako bereziki maiteak diren bi aipatuko ditut, Intxorta 1937, Debagoienekoa, Gipuzkoan, eta Gogoan Por una memoria digna”.

     

    Monumentua Iruñean

     

    Geroa Bairen beste zuzenketa batzuek oroimenaren aurkakoak diren elementuei eragiten diete, zehazki Iruñekoa bezalako eraikinei, Eroritakoen Monumentu moduan ezagutzen dena eta Koldo Martínezen hitzetan “kolpisten omenez Estatuan dagoen bigarren eraikin garrantzitsuena”. “Eraikinen etorkizuna, horiengan eskumena duten agintariek erabakitzea defendatzen dugu, komeni den modu demokratikoenean egin dezatela, eta erabaki horiek exekutatzeko mugarik gabe gainera. Eta, eraikinen etorkizuna dena delakoa ere, kolpisten eta haien ideien gorazarre politiko edo erlijiosorako euskarri izateko aukerarik ez egotea”, azpimarratu du Koldo Martínezek.

     

    2023 urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrek Ezkaba mendiko Gotorlekua zaharberritzeko eta egokitzeko 35 milioiko partida bat edukitzeko Geroa Bairen proposamena defendatu du ere Koldo Martínezek. “Aurrekontu hori gabe, oroimen leku izendatzea propaganda ekintza hutsa izango da, itxurakeria besterik ez, hitz hutsalak. Eta hitzak baino gehiago, denon aldetik eta dednon artean etorkizunera begira egindako ekintza eta konpromiso tinkoak behar ditu oroimenak”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko