Osasunbidea eta bere soldata sistemari buruzko azterlan baten azpikontratazioa gaitzetsi du Geroa Baik
“EH Bildu, UPN eta PPren botoekin onartu den ebazpena, pribatizazioetarako aurrekari arriskutsua izan daiteke”, ohartarazi du koalizioak
Geroa Baik bere erabateko gaitzespena agertu dio gaur Nafarroako Parlamentuaren Osoko bilkurak onartutako ebazpenari, UPN, EH Bildu eta PPNren aldeko botoekin Nafarroako Gobernua premiatzen baita osasun sistema publikoko profesionalen soldatei buruzko azterlana egitera, Osasunbideko eta Nafarroako Osasun Publiko eta Lan Osasuneko Institutuko langileena alegia, eta azterlan hori enpresa pribatu batekin azpikontratatzea proposatzen da. Koalizioaren arabera “osasungintzako profesionalen lan eskubide eta lan baldintzengan zuzenean eragiten duen analisi mota hau erakunde publikoek burutu behar dute, gardentasuna, inpartzialtasuna eta interes orokorraren defentsa bermatzeko, kanpoko enpresek egin ordez”.
“Azterlan honen azpikontratatzeak, osasungintza sektorean zerbitzu publikoen pribatizatzearen aurrekari arriskutsua sor dezake”, ohartarazi du Geroa Baik. “Osasunbidearen eta bere soldata sistemen kudeaketa, kontrol eta ikuskaritza publikopean egoten jarraitu behar du, hartutako edozein erabaki beti interes orokorraren prismatik hartuko dela bermatuz”, deritzo koalizioak.
Geroa Bairen aburuz “soldata sisteman egon daitekeen edozein aldaketak helburu bikoitza eduki beharko du: osasun sistema publikoaren hobekuntza, eta langileentzako sistema zuzenago eta berdinzaleago baten sorrera”. Zentzu horretan koalizioak gogorarazi duenez, “soldata sistema eguneratzeko pausoak norabide egokian ematen ari dira jada, planteatu den txosten global baten zain egoteko beharrik gabe eta are gutxiago, enpresa pribatu batekin azpikontratatzeko beharrik gabe”. “Osasun sistema publikoko profesionalen lan baldintzetan aldaketak, mailakatuak eta gardenak izan behar dira, baina bereziki, arretarik hoberena emateko helburua eduki behar dute beti”. Eta zentzu honetan gogorarazi duenez, “osasun sistema publikoa, lehentasun osokoa eta funtsezkoa den jardun batean murgildurik dago jada, osasun foru lege berri baten tramitazioan alegia, edozein aldaketarako beharrezkoa den arau-markoa baita”.
Azkenik, Geroa Bairen iritziz “osasun zerbitzuen pribatizazioa, osasun arreta egokia emateko nahitaezkoak diren beharretara mugatu behar da, baliabide publikoak horretarako nahikoak ez direnean, eta azterlan hau ez da horren adibidea”.
Isabel Aranburu