Itzuli

Pablo Azcona: “2026 gako urtea izango da programa akordioari bultzada emateko eta ausardia zein anbizioa beharko dira”

    Pablo Azcona Pablo Azcona

    Pablo Azcona Geroa Baiko bozeramaileak, Nafarroako Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren egindako adierazpenetan, urte hasierari erreparatu dio eta Nafarroak 2026 urteari onartutako aurrekontuekin eta zerga neurriekin ekingo diola azpimarratu du. Zentzu honetan Azconak nabarmendu duenez, “legegintzaldiaren azken txanpan gaude” eta azpimarratu nahi izan du aurtengoa gako urtea dela programa akordioari bultzada emateko, horrek “ausardia eta anbizioa beharko duelarik”. 

    Zentzu honetan adierazi duenez, “aurtengoa funtsezko urtea izango da programa akordioko neurri garrantzitsuenetako batzuk aurrera ateratzeko”, eta hori izango da hain zuzen ere Geroa Baik lehenetsiko duena, Nafarroarentzako bultzada politiko eta estrategiko handia duten gaiak mahaigainera ekarriz, hala nola Industriaren Foru Legea, Osasunaren Foru Legea eta Landa Garapen eta Despopulazioaren Foru Legea. 

    Bestalde, koalizioak datorren osteguneko hurrengo kontrol saiora eramango dituen ekimenak iragarri ditu Geroa Baiko bozeramaileak. Gaurkotasun handiko galdera moduan, Geroa Baik Nafarroako Gobernuko Lehendakariari zuzenduko dio galdera, Lan Ikuskaritza eta Gizarte Segurantza eskumenen transferentzian aurrera egiteko ematen ari diren pauso zehatzei buruz jakiteko. Bestalde, beste galdera bat Chivite kontseilariari zuzenduko diote, PITNA hiri arteko garraio kontzesioen lizitazioari eta zerbitzuan jartzeko epeari buruz zein aurreikuspen dauden ezagutzeko, egun egin gabe baitaude. Geroa Baik egingo duen hirugarren galdera lehendakariorde eta etxebizitza kontseilariari zuzendurik dago, landa eremuko etxebizitza estrategia martxan jartzeko Departamentuak zein pauso ematen ari dituen ezagutzeko.

    Bestalde, Azconak deitoratu egin du Venezuelan bizitzen ari den egoera dela eta aurkeztu den Adierazpen Instituzionala aurrera atera ezin izana. Geroa Baiko bozeramaileak Nazioarteko Zuzenbideari, herrien subiranotasunari eta injerentzia ezaren printzioari behar zaien begirunearen garrantzia berretsi du, bizikidetzaren oinarri baitira. Geroa Baik konbentzimendu osoa du gatazkak konpontzeko bide etiko eta zilegi bakarra bakea dela, eta horregatik Nazioarteko Zuzenbidea zorrotz betetzeko deia egin du. 

    Azkenik, Mercosur akordioa aipatu nahi izan du ere eta EB premiatu du kontrol zorrotzak ezar ditzan gure lehen sektorearentzako mehatxuak izan daitezkeenen aurrean, EB derrigorrean bete behar diren nekazal eta gizarte baldintza berberekin ekoizten ez diren elikagaiei atea irekitzeko arriskua baitago.

    Izena eman gure buletina jasotzeko