Pablo Azcona: “Mesede gutxi egiten diogu euskarari konfrontazio politikoan sartzen badugu”
Nafarroako Parlamentuan Geroa Bairen eledunak Ganberako Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren egindako adierazpenetan, azken asteburuan Korrika-k Nafarroan barna egindako ibilbidea aipatu nahi izan du. Azconak azpimarratu duenez, “Geroa Baik ekitaldi batean parte hartzen du, Korrika-n, bertan ideologia eta nortasun orotariko milaka nafarrek parte hartzen dutelarik euskara babesteko”. “Bizikidetzarako eta gizarte zein lurralde kohesiorako elementu moduan defendatzen dugun hizkuntza da”, azaldu du bozeramaileak, aldi berean gaineratuz “hizkuntzek gehitu egiten dutela, ezin dute inoiz ez kendu, eta horrela defendatzen dugu eta horretan ari gara lanean”.
Zentzu honetan Azconak iragarri duenez, “terrorismoagatik kondenaturikoen argazkiak erakustea bezalako gertakariek ez dute euskara bizikidetzarako elementu moduan bultzatzen laguntzen”. “Ez eta ere eskuinetik entzundako diskurtsoak, gure hizkuntza harrotasunez aldarrikatzerako Nafarroako kale eta herrietara irten diren nafar herritarren baitan zatiketa sortzen saiatzen baitira”, azpimarratu du.
Geroa Baiko eledunak defendatu duenez, “milaka eta milaka nafar egon dira euskararen promozioaren alde Korrika-n parte hartuz”. “Indarkeriari zilegitasuna emateko foro hau aprobetxatu nahi izan duen gutxiengo bat egoteak mesede gutxi egiten dio euskarari. Horregatik hausnarketa kolektiboa eskatzen dugu, antolakuntzari baita ere, Korrika-k euskararen promozioaren helburu goren hori bete dezan beti”, nabarmendu du. Parlamentariak azpimarratu duenez, bere taldeak ez ditu bi adierazpen instituzionalak babestu “egondako herri mugimendu osoa kriminalizatzea dutelako helburu, euskararen promozio eta babeserako helburu horrekin bakarrik parte hartu dutenak alegia”.
Bestalde, koalizioak hurrengo kontrol saioan Gobernuari egingo dizkion hiru galderak aurkeztu ditu Geroa Baiko parlamentariak. Gaurkotasun handiko galdera moduan, Nafarroak superabita inbertsioetara bideratzea ahalbidetuko duen akordioa behin jakinda, Geroa Baik Lehendakariari galdera egingo dio “aurtengo aurrekontuetan horrek izango duen eragina azal dezan, bai eta inbertsioak zertara bideratuko diren ere”. Azconak azaldu duenez, “bere egunean jada Geroa Baitik balioetsi genuen akordioak, proiektu estrategikoak bultzatzeko eta aurreikusitako inbertsioak optimizatzeko balio beharko du”. Geroa Baiko bozeramailearen arabera, “funtsezkoak diren ekintzak badira, hala nola inbertsio industrialen erakartzea, ekipamendu beharrak osasungintzan edota izaera publikoa galtzearren dauden babestutako etxebizitzen erosketa”. “Nafarroako nekazaritza industria sektoreari bultzada emateko inbertsio estrategikoei heldu behar zaie ere, sail ureztatuen modernizazioa esaterako”, azpimarratu du.
Halaber, Azconak ere azaldu du hurrengo osoko bilkuran Geroa Baik Industria kontseilariari egingo diola galdera, “energiaren salneurrien gorakadaren aurrean aurreikusten diren ondorioei buruzkoa eta, bereziki, Nafarroan eta bere industria sarean ahalik eta eragin txikiena edukitzeko hartzen ari diren neurriei buruz”.
“Ekialde hurbilean gertatzen ari denak asko kezkatzen gaitu”, ziurtatu du Azconak, “kezkatu egiten gaitu, Geroa Bain bakezaleak garelako eta zenbait herrialde europarren paperarekin kritikoak garelako”. Geroa Bairen aburuz, azaldu duenez, “garrantzitsua da bi gai azpimarratzea: lehenik, nazioarteko zuzenbidearen eta giza eskubideen defentsan Europak amankomuneko jarrera hartzearen beharra”. “Bestalde, gure iritziz, jarrera sendoa edukitzeko, Europak bere subiranotasun estrategikoa behar du, baita ere segurtasunarekin zerikusia duenarekin”, defendatu du.
Hirugarrenik, Azconak azaldu du lehendakariorde eta Memoria, Bizikidetza, Kanpo Afera eta Euskara kontseilariari egingo diola galdera, INTERREG POCTEFA programaren bigarren deialdi klasikoan eta proiektu txikien deialdian programaturiko proiektukideen erakundeentzako mintegiari buruz egiten duen balorazioa jakiteko, Nafarroan egin baita mintegi hau, eta europar programa honek gure Komunitatean duen eragina jakin nahi du ere.
Pablo Azcona