Pablo Azcona: “Nafarroako erakundeetatik konpromisoa hartu behar dugu euskara Europan hizkuntza ofiziala izan dadin, ez baita Nafarroaren interesetatik kanpo dagoen gaia”
Pablo Azcona Nafarroako Parlamentuan Geroa Bairen bozeramaileak Ganberako Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren egindako adierazpenetan, koalizioak datorren Osoko bilkuran defendatuko duen mozioa aurkeztu du, horren bitartez euskara, bai eta katalana eta galiziera ere, EBko hizkuntza ofiziala izatea eskatuko dutelarik. Azconak azpimarratu duenez, “ildo honetan lanean jarraituko dugu eta hori lortzeko laguntzen jarraituko dugu”. “Euskara gure hizkuntza propioetako bat, horregatik ez da Nafarroaren interesetatik kanpo dagoen gaia”, azaldu du. Horregatik, “Nafarroako erakundeetatik helburu honekin konpromisoa hartu behar dugu”, azpimarratu du. Gainera, azaldu duenez, Uxue Barkos senatariak ere, gai honen inguruko bi galdera erregistratu ditu Goi Ganberan.
Bestalde, Gazaren egoera aipatu nahi izan du ere Azconak eta nabarmendu duenez “Nafarroako gizartea, beste behin ere, maioritarioki egon den tokian kokatu da: Israelek Gazan egiten ari duen genozidioa kondenatuz eta nazioarteko legezkotasuna betetzea eskatuz”. “Harrigarria da kondena honetan ez dauden jarrera politiko edo sozialak egotea”, deitoratu du.
Beste gai batzuen artean, Bardeetako Tiro Eremuaren aurka azken igandean egin den martxa azpimarratu nahi izan du Geroa Baiko bozeramaileak eta Geroa Bairen jarrera gogorarazi du, “segurtasunagatik tiro eremuaren desmantelatzea” eskatzea alegia, baina baita ere “ingurumena dela eta edo arrazoi sozialengatik ere”. Bestalde, kooperatibismoa babesteko eta bere balioa aitortzeko aurkeztu den adierazpen instituzional bati Geroa Baik aldeko botoa eman duela azaldu du ere.
Azkenik, Geroa Baik Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidentearekin lan saioa egiteko eskakizun bat erregistratu duela azaldu du Azconak, despopulazioaren erronkari aurre egiteko Nafarroako tokiko erakundeek landu dituzten proposamenak jasotzen dituen dokumentua egiteko martxan jarri duten prozesu partehartzailea azal dezan.
Pablo Azcona