Itzuli

Pablo Azcona: “Nafarroan 2015 urtetik hona egon diren hiru Gobernu aurrerakoien giltzarri izan da Geroa Bai”

Geroa Bairen parlamentuko eledunak “hirukoaren egonkortasuna” nabarmendu du “ ‘fake’ politikaren aurrerakadaren aurrean”

    Pablo Azcona Pablo Azcona
    Pablo Azcona Geroa Baiko parlamentariak ziurtatu duenez, “eskuin muturraren transmisio uhal moduan ‘fake’ politikaren aurrerakada errealitate bat da gaur egun” eta “horregatik da hain garrantzitsua uneotan hirukoak Nafarroan dakarkigun egonkortasun proposamena”. 
    Ostegun honetan Nafarroako Parlamentuan egin den Komunitatearen Egoerari buruzko Debatean Azconak azpimarratu duenez, “gure formakuntza politikoak oposizioaren aldetik jaso ohi dituen maitasun gutxiko hitzetatik haratago, egia den gauza bakarra zera da; Nafarroan 2015 urtetik hona egon diren hiru Gobernu aurrerakoien giltzarri izan dela Geroa Bai”. “Geroa Bairik gabe, UPNk Gobernuan jarraituko luke eta hori da oposizioari kezka eragiten diona”, esan du.
    Gaineratu duenez, “inork ez dezala Geroa Bairengandik pazientzia espero gure autogobernuaren garapena bezalako gai garrantzitsuetan, edota euskarari zor zaion benetako errespetua edo Nafarroaren subiranotasun energetikoa bezalako gaietan”. 
    Fiskalitatea “tresna publiko garrantzitsua” dela azpimarratu du Azconak, horren bitartez gauzatzen baitira “ekitatea, kohesioa, parekidetasuna eta birbanaketa” bermatzen duten politika publikoak. Era berean nabarmendu duenez, “aurten Nafarroako hamargarren aurrekontu aurrerakoiak onartuko ditugu, eta egonkortasun instituzional, politiko eta ekonomikoko 10 urte hauek iraganeko beste garaiekin alde ederra dute”. 
    “Batzuek aitzakia moduan erabiltzen dute UPNren gobernuen azken txanpa 2008ko krisialdiak markatu zuela, baina horrek ez du azaltzen zergatik UPNren Gobernu horiek, oparotasun ekonomiko handiena bizi zutenak ez ziren gai izan Nafarroa eta bere Ogasuna urritasun urteetarako prestatzeko. Hori da errealitate bakarra: Foru Gobernuaren buruan urte askoz egon ondoren, oparotasun urteetan zehar gainera, diru-kutxa hutsik utzi zutela”, kritikatu du. 
    Gaur egungo “arrisku” nagusietako bat aipatu du Azconak, Trantsizio Energetikoko Nafarroako Agentzian “urte askotako atzerapena” egotea alegia, “lehenbailehen sortu beharra baitago, eta Mikel Irujo kontseilariak prest du jada” azpimarratu du. 
    Automozio alorrean, eta “Alemaniatik datozen berriek eragin behar diguten kezkari garrantzirik kendu gabe” azpimarratu duenez, “badira konfiantza edukitzeko arrazoiak”, izan ere “Volkswagenek egindako inbertsioak, mila milioi eurotan zenbatuak, aurrera doaz, planifikaturik zeuden moduan alegia”. “Noaingo Mobis plantan aurreikusitako inbertsioak ere aurrera doaz, instalazioa handitzea planteatuz ere. Ziurrenik ez luke hala egingo ez balu Landabenen bideragarritasunik ikusiko”, aldarrikatu du. 
    Osasungintzari dagokionez nabarmendu duenez, “gaur itxaron zerrendak, oso zaila den egoera batean birbideratzen ari dira”, nahiz eta zifrak “kezkagarriak” eta “onartezinak” izan. “Gure konpromiso politikoen artean Osasun lege berri bat onartzea dugu, horrek osasun sistema publikoa berrordenatu eta modernizatuz”. 
    Bestalde, “Hezkuntza bezalako zerbitzu publikoak” sendotzearen alde egin du, “horretarako programa akordioan markaturik ditugun akordioei betekizuna eman beharko diegularik”. Horien artean, hezkuntzaren kalitatearen aldeko Paktu Sozial eta Politikoaren garapena.
    “FISKALITATERIK GABE EZ DAGO ONGIZTATE ESTATURIK”
    Horri guztiari aurre egiteko “formula magikorik” ez dagoela esan du Azconak, eta fiskalitaterik gabe “ez dago Ongizte Estaturik” ere. “Eta aurkakoa dioenak, gezurra dio, zergak modu indiskriminatuan jaisteak zerbitzu publikoen kalitatean eraginik ez duela dioenak ‘fake’ politika egiten du”, azpimarratu du. 
    Beste aspektu batzuen artean, Balio Erantsiaren gaineko Zerga hitzartzeko aukera “aztertzen” astearen aldeko apustua egin du, bai eta “zerga berriak hitzartzearen” alde ere, hala nola energia enpresen irabazien gaineko zerga. Halaber, Nafarroa ECOFINen “ahots eta botoarekin” egon beharra duela defendatu du, eta “errenta ertain eta txikien gaineko zerga presioa arintzearen” alde agertu da ere. 
    Lehen sektorearen zailtasunak aipatu ditu ere Azconak, eta horren inguruan lortutako akordio politikoari Foru Gobernuak “betekizuna lehenbailehen eman diezaion” eskatu du, “Landa Garapenerako legean dauden neurri guztiak batuko dituen lege bakar bat garatu dezan, Departamentuak lege horren zirriborroa egina baitu jada, despopulazioaren aurkako borrokarako neurriekin”. 
    “Etxebizitza falta eta, kasu askotan, etxebizitza lortzeko zailtasuna” aipatu ditu ere. “Urteotan Nafarroako Gobernuak burutu dituen politikek arrakasta izan dute, baina tsunamia askoz haratago doa. Administraziotik etorri beharko diren politika integralak premiazkoak dira”, esan du. 
    Bestalde, “hobetu beharreko gauzak” daudela ziurtatu du ere, “eta horietako batzuk premia larria dute gainera”. “Hezkuntzan euskarari ematen zaion trataerak ezin du horrela jarraitu”, kritikatu du. Hala ere, nabarmendu duenez, “kideen arteko ezberdintasunak nabarmenak direnean ere, eta Lehendakaritzatik egoki moduan proposatzen diren erritmoak kideontzako egokiak ez direnean, kasu horietan ere, aurrerakuntzak onak dira gizartearentzat”. “Positiboa eta historikoa baita duela hamar urtetatik hona egiten ari dena”, eta horrek “10 aldiz biderkatu du Nafarroako aurrekontua euskararen sustapenari dagokionez”. 
    Jarraian, “positibotzat” jo du Nafarroa “hamar urte hauetan zehar memoria politiketan aitzindaria izan izana, bai eta terrorismoaren eta beste indarkerien biktimen aitortzarako politiketan ere, politika horiei esker egia, justizia eta erreparazioaren orrialdeak idazten ari baitira, demokraziaren 40 urteren ondoren ez baitziren idazten hasi”. 
    Halaber, “Amejoramenduan ezarrita dauden eskumenen garapen osoan aurrera egiteko” programa akordioan jasotako “konpromisoa” nabarmendu du ere. “Eta gainera, irekita dagoen ponentziaren markoan, sentsibilitate ezberdinak errespetatuko dituen LORAFNA bat landu nahi dugu, gure autogobernuan aurrera egingo duena eta hori blindatzeko eta betetzeko tresnak edukiko dituena”, gaineratu du. 

    Izena eman gure buletina jasotzeko