Itzuli

Pablo Azcona “Nafarroan biometano planten ezarpenerako luzamendu integral bat lortzeko lanean ari gara”

    Pablo Azcona Pablo Azcona

    Pablo Azcona Nafarroako Parlamentuan Geroa Baiko bozeramaileak Ganberako Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren egindako adierazpenetan, Foru Ganberak datorren osteguneko osoko bilkuran eztabaidatuko dituen bi lege proposamenak aipatu ditu, biak etzxebizitzaren alorrekoak.

    Alokairu lorgarriko etxebizitzentzako kalifikazio mugagabea ezartzeko lege proposamenari dagokionez Azconak azpimarratu duenez, mota honetako etxebizitzetan bizi diren pertsona eta familien eskubideak bermatzeko lanean ari da Geroa Bai. “Etxebizitza hauek putre-funts deituriko horien eskutan amaituko ote ez dutenaren kezka elkarbanatzen dugu gure kideekin”, azpimarratu du.

    Geroa Baiko bozeramaileak azaldu duenez, eskuduntza hau duen Departamentuak helarazitako informazioarekin ari da lanean koalizioa, etxebizitza horiek eskuratzen dituztenen bermeak eta babesa sendotzeko helburuarekin. Logelen alokairuari buruzko lege proposamenari dagokionez, Azconak nabarmendu du abusu egoerak ekiditea eta etxebizitzarako eskubidea bermatzea direla helburuak. Halaber, arauketa honek Nafarroan azken urteetan antzemandako denboraldirako kontratuen hazkundeari eta logela alokairuen kontratuetan gorakadari erantzuten diola azpimarratu du.

    Bestalde, azken astean Foruaren Hobekuntza eguneratzeko Ponentzian azken agerraldiak izan direla aipatu nahi izan du Azconak. Parlamentariak nabarmendu du testua egungo errealitateari egokitzeko beharra dagoela, hura onartu eta 44 urteren ondoren alegia. “Eztabaidagune lasaia eta anbizioduna izatea zen gure asmoa, marra gorririk gabe”, ziurtatu du. 

    Zentzu honetan, Geroa Baik bere ondorioak datozen asteetan aurkeztuko dituela iragarri du eta bere proposamenetako bat Foruaren Hobekuntzaren 9 artikulua aldatzea izango dela aurreratu du. “Euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan beharrezkoa dela deritzogu eta, hortaz, gai hau testuan islatu beharra dagoela uste dugu”, azpimarratu du.

    Azkenik, Nafarroan biometano planten instalazioei erreparatu dio ere Geroa Baiko bozeramaileak. Azconak berretsi duenez, mota honetako azpiegituren instalaziorako luzamendua ezartzearen beharra defendatzen jarraitzen du koalizioak. “Ohartarazi genuen jada UPN eta PSNk onartutako luzamendua ez zela nahikoa, bai bere iraupenagatik, urtebetera mugatua baitzen, bai eta proiektu zehatzak blindaturik uzten zituelako”, gogorarazi du.

    Halaber, Geroa Baik luzamendu horren hedapena lantzen eta negoziatzen ari duela iragarri du, iaz planteaturiko helburuak lortzeko xedearekin: “geldiarazi eta planifikatu”, instalazio hauen ezarpen orekatua eta ordenatua bermatuz lurralde osoan. “Luzamendua integrala izan behar da eta ez proiektu zehatzak blindatzearen zerbitzura”, amaitu du adieraziz.

    Izena eman gure buletina jasotzeko