Itzuli

Pablo Azconak Geroa Bairen koherentzia defendatu du, 10 urte baitaramatza Nafarroari egonkortasuna emanez eta politika aurrerakoiak aurrera ateratzen

    Pablo Azcona Pablo Azcona
    UPN, PPN eta Vox taldeek Aurrekontuei aurkeztutako osoko zuzenketak eztabaidatuko ditu datorren ostegunean Parlamentuko osoko bilkurak eta Pablo Azcona Geroa Baiko bozeramaileak Nafarroako Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren egindako adierazpenetan azpimarratu duenez, aurrekontuen inguruko akordioa dela eta “aurreikusi daitekeena da ostegun honetan osoko zuzenketa horiek atzera botako direla”. UPNk aurkeztutako testua aipatu du Azconak, alderdi erregionalistari aurpegiratuz “gu inkoherentetzat hartzen gaituela hamar urte daramagunean lurralde honi egonkortasuna emanez, gobernu aurrerakoien alde eginez”. “Eta duela urtebete neurri fiskalen alde egingo zutela esan eta azkenean aurka egin zutenek esaten dute hori; edo Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federaziotik alde egingo dutela esan eta oraindik bertan jarraitzen dutenek diote”, azaldu du. Azconak azpimarratu duenez, “Geroa Baitik politika aurrerakoiak aurrera ateratzen jarraituko dugu, politika aurrerakoi horiek hedatuko dituzten aurrekontu proiektuak babesten jarraituko dugu”. 
    Halaber, Chivite Lehendakariak Komunitatearen Egoerari buruzko Debatean fiskalitatea eta errenta ertain-txikien eta autonomoen inguruan modu publikoan hartutako konpromisoa aipatu du Geroa Baiko bozeramaileak. Zentzu honetan, konpromiso horren garrantzia azpimarratu du eta Geroa Bai datozen hilabeteetan arreta eztabaida horretan jarririk edukiko duela iragarri du.
    Azkenik, ostegun honetan trafiko eskumenaren transferentziarako Kongresuan egingo den LORAFNAren erreformaren eztabaida ekarri du gogora eta erreforma aurrera ateratzea espero duela adierazi du, horrela Gorteek Nafarroako gehiengoaren borondatea errespetatuz. 

    Izena eman gure buletina jasotzeko