Itzuli

Parlamentuak itzalpeko bidesariak etorkizunean finantzaketa formula gisa baztertu ditzan eskatu du Geroa Baik

Pablo Azcona parlamentariak ziurtatu duenez epe motzeko sistema hau “kudeaketa publikoa gidatu behar duen jasangarritasun printzipioaren etsaietako bat da”

    Pablo Azcona Pablo Azcona

    Nafarroako Parlamentuak itzalpeko bidesariak deiturikoak etorkizuneko azpiegituren finantzaketa formula gisa baztertu ditzan eskatu du Geroa Baik. Pablo Azcona Geroa Baiko parlamentariak azpimarratu duenez “baliabide publikoak kudeatzeko epe motzeko begirada hau kudeaketa publikoa eta politika publikoak gidatu behar dituen jasangarritasun printzipioaren etsaietako bat da”.

    Azconak gogorarazi duenez “A-12 Bidearen autobidea, A-15 Pirinioetako autobidearen zati bat eta Nafarroako Ubidearen lehen fasea finantzatzeko UPNren gobernuek aukeratutako ereduak Nafarroako Aurrekontu Orokorretan itzal ekonomiko handia dakar, kanon ezberdinen ordainketa betebeharrak urteroko 100 milioi eurora iritsiz”.

    “Zenbateko honek Nafarroako Gobernuaren inbertsio ahalmena urritzen ari du, mugikortasun jasangarrian, digitalizazioan, oinarrizko zerbitzuen inbertsioetan edo trantsizio energetikoaren alorretan azpiegitura berri eta beharrezkoak  burutzeko ezintasunaz gain, gaur egun daudenen mantentze eta kontserbaziorako Gobernuaren ahalmena mugatuz ere”, ziurtatu du Geroa Baiko parlamentariak.

    Azconak gainera gogorarazi duenez, Nafarroako Parlamentuak, Geroa Baik hala proposaturik, formula onekin burututako kontratuen fiskalizazioa egin dezan eskatu dio jada Kontuen Ganberari, “itzalpeko bidesariek sistema honek dakartzan ondorio guztien irismena zein den ezagutzeko” helburuarekin.

    “Erakunde publikoetatik interes publikoak kaltetzen dituzten azpiegituren finantzaketarako eredu politikoak baztertzeko gai izatea premiazkoa da”, azpimarratu du parlamentariak, era berean gaineratuz itzalpeko bidesarien sistema “kontu ingeniaritza sistema batean” oinarritzen zen eredua zela, “zeharo desprestigiatua azpiegituren finantzaketaren alorrean, funts publikoak interes pribatuen eskutan jartzeko modu argia baita, jasangarritasunaren aurka egitearen adibiderik gaiztoena izateaz gain”.

    Horregatik guztiagatik, erregistraturiko mozioan Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatu dezan eskatzen du Geroa Baik, honek “etorkizunean azpiegiturak finantzatzeko formula gisa itzalpeko bidesariak deiturikoak baztertu ditzan”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko