Itzuli

Parlamentuak jardunaldi bat antolatu du 1936ko kolpe militarraren errepresioaren biktima izandakoei errekonozimendua eta ordain morala emateko Foru Legearen 10. urteurrena dela-eta

    Nafarroako Parlamentuak 1936ko kolpe militarraren errepresioaren biktima izandakoei errekonozimendua eta ordain morala emateko Foru Legearen 10. urteurrena ospatu du gaur. Testu hori 2013ko azaroaren 14an onetsi zen, Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzorde Bereziak proposatuta Legebiltzarraren Osoko Bilkurak hamar urte lehenago berretsitako adierazpena oinarri hartuta.

     

    Lege hori aitzindaria izan zen, estatu kolpe frankistaren erreparazio neurriak eta biktimen eskubideak arau mailan sartu baitzituen, eta Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkartearen (AFFNA 36-NAFSE) eta Pueblo de las Viudas elkartearen ekimenetik abiatuta sortu zen. Elkarte biek hilabete gutxi batzuk baino ez zituzten behar izan eztabaida Legebiltzarrera eramateko, eta, horrez gain, erakundearen “aitortzarik eta aintzatespenik benetakoena” jaso zuten, eta Nafarroan memoria historikoa berreskuratzeko politika publikoen oinarriak ezarri zituzten.

     

    Hori bera adierazi du Unai Hualdek, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak; izan ere, hasierako hitzaldian inolako beldurrik gabe onartu du “gizarte zibila erakundeen aurretik joan dela argi eta garbi frankismoaren biktimen erreparazioari eta aitortzari dagokionez”.

     

    “Benetako babesgabezia” hori 2003ko martxoaren 10ean amaitu zen, “berroneratzeko, aitortzeko, gogoratzeko eta berreskuratzeko” adierazpenari esker; hain zuzen, 33/2013 Foru Legearen oinarrizko printzipioetako lau dira horiek. Hualderen arabera, araua “funtsezkoa” da eta “biktima guztiak babesteko eta injustiziak aitortzeko betebehar instituzionalari” erantzuten dio. Erabaki hori hartu eta bi hamarkada geroago, eta, legearen kasuan, hamar urte geroago, “momentu ona da azterketa egiteko, eta argi izan behar da oraindik asko dagoela egiteke”. Hori da Hualdek adierazi duena.

     

    Unai Hualdek azken legegintzaldietan egindako jarduketen errepasoa egin du, eta 2009an abian jarritako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsa azpimarratu du, bai eta “ahanztura saihesteko, desagertutakoak bilatzeko eta giza eskubideen esparruan eskubideak eta askatasunak aitortzeko” egindako lege bat hezurmamitzeko emandako “aurrerapauso eraginkorrak” ere.

     

    Hori horrela, nahiz eta “memoria historikoaren” esparruan “zalantzarik gabe aurrerapenak” egon, lehendakariak adierazi du “kezka” duela “eskuin muturreko eta frankismoaren apologiako diskurtso jakin batzuk gaiztotu eta indartu” direlako. Edonola ere, askatasunaren aurkako mezuak dira, eta itzuli nahi ez dugun iragan baten adierazgarriak. “Atzerapauso bat ere ez norabide horretan”.

     

    Amaitzeko, Hualdek azpimarratu du Nafarroako Parlamentua prest dagoela “memoria lantzen jarraitzeko elkarte memorialistekin eta frankismoaren biktimen familiekin batera”, eta zorionak eman dizkie “sortutako kaltea erreparatzeko eta biktimak ostrazismotik ateratzeko beharrezko diren bitartekoak jartzen lagundu duten pertsona eta erakunde guztiei, bai eta toki-erakundeei eta Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari ere”.

     

    Ondoren, Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilaria, poztu egin da "efemeride bikoitz" hau gizarte zibilaren eta bere ordezkarien arteko "topagune" den leku batean ospatzeko aukeragatik.

     

    "2003ko adierazpen historiko harekin, Nafarroak bide bat ireki zuen, eta erreferente argia bihurtu zen, bai estatu mailan, bai Europa mailan. Eskari sozial eta parlamentario hura gobernu mailan ere onartu zen 2015etik aurrera. Zaila da lan partekatuaren horrelako beste dinamika bat aurkitzea, are gutxiago beste leku batzuetan ikusten ditugun ukapen eta inboluzio garai hauetan", berretsi du Ollok.

     

    Izena eman gure buletina jasotzeko