Parlamentuak Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legea onetsi du
Arintze politikak eta egokitzapen politikak konbinatzen ditu eredu sozioekonomiko eta energetiko berri bat prestatzeko, karbono gutxiko ekonomia zirkularrean oinarritua
Parlamentuaren Osoko Bilkurak Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legea onetsi du gaur aho batez. Foru lege hori gida arauemaile bat da, eta arintze politikak egokitzapen politikekin konbinatzen ditu eredu sozioekonomiko eta energetiko berri bat prestatzeko, karbono gutxiko ekonomia zirkularrean oinarritua.
Foru legearen xedea da arau esparrua eta esparru instituzionala eta instrumentala ezartzea, jasangarritasunaren eta klima aldaketari aurre egiteko borrokaren izenean eredu sozioekonomiko eta energetiko berri eta eraginkor baterako trantsizioan laguntzeko, horrek berma dezan baliabide naturalen erabilera arrazoizkoa eta solidarioa.
Hazkunde estrategia berriak oinarritzat hartzen ditu 2030 Agenda, Europako Itun Berdea, Nafarroako Klima Aldaketaren Bide Orria (KLINA), Under2Mou Sarea eta Estatuko edo nazioarteko gainerako konpromisoak. “Eraldaketa teknologiko, ekonomiko eta sozial justuak” eskatzen ditu, 2050. urterako “neutraltasun klimatikoa” lortzeko helburuarekin, berotegi-efektuko gasen isurketa netorik gabea.
Testuinguru horretan, Itun Berdearen inbertsio planaren munta handia nabarmentzen da, bilioi bat euro baino gehiago mugiaraziko baitu hurrengo hamarkadan, beste 100.000 milioiz hornituta dagoen trantsizio justurako funtsa kontuan hartu gabe.
Gainera, Nafarroako Gobernua eragile izanen dela azpimarratzen da, berak gidatuko baitu politika sektorialen zeharkako dinamika (klima-ikuspegia aurrekontuetan). Politika horietan bereziki landuko ditu nekazaritza, abeltzaintza, basoen kudeaketa, industria eta merkataritza, I+G+B estrategia, hezkuntza, mugikortasuna, pobrezia energetikoa eta fiskalitatea.