Parlamentuak Nafarroako eskubide historikoak defendatzeko bere borondatea agertu du “edozein erasoren aurrean”
Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-E taldeen proposamen bat onartu du Komunitatearen Egoeraren gaineko Debatearen bigarren jardunaldian, non “Nafarroaren eskubide historiko eta demokratikoekin bere konpromiso tinkoa berresten duen, eta edozein erasoren aurrean defendatzeko borondatea agertzen duen”. UPN, PSN eta PPN taldeek aurka bozkatu dute.
Foru Exekutiboa sostengatzen duten lau taldeek hiru ebazpen proposamen adostu dituzte debatean. Lehenengoarekin, Nafarroako eskubide historikoekin duten konpromisoa azpimarratzeaz gain, Ganberak foru Komunitatea eta bere hiritarrak “Nafarroako estatus juridiko eta politikoa erabakitzeko gaitasuna duten protagonista eta subjektu politikoa direla” aldarrikatzen du.
Gainera, Parlamentuak “Nafarroaren eta Estatuaren arteko harremanei aldebikotasunez heltzearen beharra” defendatu du.
Adostutako beste proposamen batean, era berean onartua izan dena, foru Ganberak Nafarroako Gobernua premiatzen du marko juridiko-fiskal bat sor dezan “hurbiltasunezko produktuen kooperatiben garapena sustatzeko, bai ekologikoak bai eta zero kilometro deiturikoak”. Kasu honetan PPNk aurka bozkatu du.
Halaber, “4.0 industriaren ezarpenak lan harremanen arloan duen eraginaren analisia eta balizko eszenatokien analisia” egitea eskatu du, “Nafarroako Garapen Adimentsuaren Estrategiaren baitan baitago, S3 alegia”.
Era berean Gobernuari “2030 Agendan eta Garapen Jasangarrirako Helburuen baitan hartutako konpromisoetan” aurrera egitea eskatu dio, “egoera diagnostikoa amaitzea Adierazleen ezarpenerako Oinarrizko Gida bat definitzea, toki eta/edo eskualde mailan irakurketak ahalbidetzeko; gizarte partaidetza eta debatearekin jarraitu (topaketak, mintegiak, jardunaldiak eta esperientzia elkar banaketa) GJH – 2030 Agendan sakontzeko, bai eta publiko guztiei zuzenduriko programa bat garatzea; jarraipen protokolo bat ezartzea GJHen ezarpenarekin harremana duen informazioa Departamentu arteko Batzordearen bitartez erakunde eta antolakunde guztiei igortzea; eta Nafarroako Eskualde Estrategia berrikustea eta egokitzea, bere helburuak eta adierazleak egokituz, bai eta 2030 Agendako GJHetarako estrategiak eta lan ildoak politika publiko guztietan ezar daitezen.
Bere aukeren arabera eta ekonomia eta enpresa agenteekin dituzten harremanen markoan, Parlamentuak Gobernuari eskatu dio “soldata minimoak handitzeko lagunduko duten neurriak sustatzea, nafar gizartean soldata urriak dituzten pertsonen ehunekoak behera egiteko, bizitza proiektu pertsonala baldintza duinetan garatzearekin bateraezinak baitira”
HEZKUNTZA ETA OSASUNGINTZA
Laukoaren baitan adostutako hirugarren proposamen batean, Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatu du datozen bi urteetan “zerbitzu publikoen garapena eta sendotzea bultzatzen jarrai dezan, hezkuntza, osasungintza eta gizarte babesaren prestazio publikoen kalitatea hedatzen eta hobetzen jarraitzeko”. UPN eta PPN aurka agertu dira.
Zehazki, hezkuntza publikoaren sendotzerako plan bat diseinatzea eta garatzea eskatu du, honakoak kontutan hartuz: hezkuntza eskaintzaren handitzea, eskolaratze eskaera guztiari erantzuna ematea, eskola azpiegituren eraikuntza eta hobekuntza, irakasle gehiagoren kontratatzea eta haien egonkortasuna Lan Eskaintza Publiko baten bitartez, murrizketen leheneratzea eta ikasleen banaketa orekatsu bat lortzeko eskolaratze araudiaren aldatzea.
Bigarrenik, “Osasunbidean errefortzua eta zerbitzuaren hobetzea” eskatu du, “berrantolaketaren eta eskuragarri dauden baliabideen aprobetxamenduaren bitartez, bai eta Lan Eskaintza Publiko sendo bat ere langileriei egonkortasuna emateko; eta Osasungintzan Lehen Arretari bultzada eta itxarote zerrenden murriztea baliabide propioekin egitea”. Hobekuntza hau, dio, “NUPen Medikuntza graduaren sortzeari lotuta dago, bai eta osasungintza ikerketaren aldeko apustuari ere”.
Azkenik, “mendekotasuna eta desgaitasuna duten pertsonen arretarako prestazioen eta zerbitzuen bultzada eta hobekuntza” eskatu du, “orain dauden berrordainketak murriztuz eta aportazioa erabiltzailea den pertsonaren errenta eta ondarearen araberakoa izatea finkatuz”.