Itzuli

Parlamentuak, NUPek eta Erakunde Sozialen Plataformak txirotasunaren eta desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Itunaren betetze maila ebaluatzea adostu dute

Unai Hualde Unai Hualde

Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore Ramón Gonzalok gaur hitzarmen bat aurkeztu dute, bi erakunde horiek eta Gizarte Erakundeen Plataformak (PES) egina, Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako 2021-2030 aldirako Nafarroako Ituna noraino bete den ebaluatzeko.

Xede horrekin, hitzarmenean NUPek konpromisoa hartu du itunean jasotako helburu eta ekintzen ebaluazioa ahalbidetuko duen proposamen metodologiko bat prestatu eta Legebiltzarraren esku jartzeko, talde parlamentarioek eta parlamentari elkarteek aztertu eta erabil dezaten, Legebiltzarrari esleitutako eginkizunetan ari direla.

Hitzarmena bat dator NUPen funtsezko xedearekin, jakintza zabaltzen baitu gizartearen ongizaterako. Hura aurkeztu ondoren, Unai Hualde eta Ramón Gonzalo “pozik” agertu dira “segida ematen diogulako harreman onuragarri bati”, kasu honetan PES osatzen duten sareekin batera.

Unai Hualdek esan duenez, hitzarmenaren xedea “hurrengo legegintzaldiko ordezkari parlamentarioei eta hurrengo Gobernuari utziko diegun legatua da. Itun batean elkartu gara eta nahi dugu hura betetzea. Pobreziaren eta desberdinkeriaren aurkako borrokak batu gaitu; akordioa aho batez sortu da, legegintzaldi zail baten esparruan. Gizarteko kolektiboekin batera lan egiten lagunduko diguten tresnak jartzen jarraitu behar dugu. Hori bazen Lehendakaritza honen helburu bat”.

Izena eman gure buletina jasotzeko