Parlamentuko lehendakariak Nafarroako 2026rako Aurrekontu Orokorren proiektua jaso du eguerdian
Eledunen Batzarrak eta Mahaiak astelehenean bilera izanen dute testua izapidetzeko egutegia eta prozedura erabakitzeko. 6.318,6 milioiko gastuak jasotzen dira proiektuan
Ekonomia eta Ogasuneko kontseilari José Luis Arastik Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorren proiektua eman dio eguerdian Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualderi. Osoko Bilkurak horren inguruko behin betiko eztabaida izanen du abenduaren 18an.
Unai Hualde poztu egin da Parlamentuan gehiengoa dagoelako; izan ere, PSN, Geroa Bai, Contigo-Zurekin eta EH Bilduren artean gaur lortutako aurrekontu akordioaren ondoren, 2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak onetsiko direla bermatzen da.
Horri dagokionez, Lehendakariak nabarmendu du "azken hamar urteetako aurrekontu-egonkortasuna, beste ganbera autonomiko batzuetan edo Kongresuan bertan ikusten diren blokeo-egoerarik gabekoa. 2015ean aldaketaren gobernuarekin hasitako lanari jarraipena ematen jarraitzen dugu. Orain taldeen arteko akordioen momentua heldu da zuzenketak adosteko".
Ekonomia eta Ogasun Departamentutik azpimarratu dute 2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektua "erabat soziala" dela, eta haren "% 54,5 osasunean, hezkuntzan, eskubide sozialetan, etxebizitzan eta kulturan inbertitzeko izanen dela". Gastu soziala 3.400 milioi baino gehiagokoa da, eta une honetan, behar desberdinak uztartu behar dira, hala nola "itxaron-zerrenda sanitarioak murriztea, etxebizitza-politika publikoetan sakontzea, kalitatezko enplegua sustatzea, ekonomia soziala eta ekintzailetza sustatzea, industria erakartzea eta, oro har, desberdintasunaren aurka borrokatzea".
2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Legearen proiektuaren sarrerako ekitaldia Areto Instituzionalean egin da. Jarraian, Parlamentuko lehendakari Unai Hualde komunikabideen aurrean agertu da atalondoan.
Mahaia eta Eledunen Batzarra astelehenean 10:00etan bilduko dira, proiektua izapidetzeko onartzeaz gain, Nafarroako 2026rako Aurrekontuak Parlamentuan izapidetzeko egutegia onesteko. Lehendakariak egutegi horren datak aurreratu ditu behin-behinean.
Hualdek aurreratu duenez, foru lege proiektua Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera (azaroaren 5ean izanen da), foru parlamentariek eta Legebiltzarreko taldeek azaroaren 13ra arteko epea izanen dute, 12:00etara arte, osoko zuzenketak egiteko, eta azaroaren 21era arte zuzenketa partzialak egiteko.
Azaroaren 20an Osoko Bilkuran eztabaidatuko dira proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak eta, egon ezean edo onartu ezean, abenduaren 1etik 12ra bitartean zuzenketa partzialak eztabaidatuko dira Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean.
Azkenik, abenduaren 18an Parlamentuko Osoko Bilkuran eztabaidatuko da Ogasuneko eta Finantza Politikako Batzordeak 2026ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuaz emandako irizpena.
2026ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektua 6.741,5 milioikoa da; horietatik 6.318,6 milioi gastu ez-finantzarioari dagozkio (Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako Parlamentua eta Nafarroako Kontseilua), eta gainerakoa, 422,9 milioi, gastu finantzarioari (zorraren amortizazioa eta interesen ordainketa).
Gastu ez-finantzarioaren gehieneko zenbatekoa % 5,2 igo da 2025eko Aurrekontuaren aldean. Azken horretan 5.986,6 milioikoa izan zen; beraz, zenbaki absolututan 332 milioiko aldea dago.
Unai Hualde