Pertsona ahulenen beharrei erantzuna emango dieten aurrekontu adostuak lantzearen alde egin du Burlatako Geroa Baik
Udal jarduerari bere osotasunean berriro ekiteko borondatea agertu du koalizioak eta koronabirusaren krisialdia arintzeko neurri sorta bat aurkeztu du
Burlatako Geroa Baik aurrekontuak finkatzen joateko proposamen sorta bat aurkeztu du, bai eta koronabirusak eragindako krisialdi sanitario, sozial eta ekonomikoaren ondorioen aurka borrokatzeko ezar daitezkeen laguntza neurriak ere.
Pertsona ahulenen beharrei erantzuna emango dieten aurrekontu adostuak lantzearen alde egin du koalizioak. Iñigo Uharte, udalean Geroa Baiko zinegotziak azpimarratu duenez “Burlata egoera ekonomiko latz batean dago eta, hortaz, aurrekontu baten lantzeak talde guztion babesa eduki beharko du. Krisialdi honek gure udalerrian eragingo dituen ondorio ekonomikoak momentuz zenbatekoa izango den ez dakigunez, oso zaila da proposamen zehatzak egitea partida jakinei dagokienez, baina, edozein kasutan, argi dugu pertsona ahulenak lehentasuna direla eta ezin ditugula albo batera utzi”.
"Argi dugu pertsona ahulenak lehentasuna direla eta ezin ditugula albo batera utzi”
Halaber, Burlatako Geroa Baik zinegotzien udal jarduerari bere osotasunean berriro ekitea eskatu du. “Konfinamendu hilabete hauetan zehar lanean jarraitu dugu eta bilera telematikoak egin ditugu ere, baina formatua dela eta, hauek ez dira behar bezain bizkorrak eta eraginkorrak izan. Alkatearekin egin genuen azken bileran, udal jarduerari modu presentzialean berriro ekiteko gure borondatea agertu genion”.
Bestalde, udal tasei loturiko ordainketen atzeratzearen alde agertu da udal taldea, behin baino gehiagotan azpimarratu duen moduan. Horregatik, Geroa Baik ordainketa hauen malgutzeak izango lukeen egokitzapen juridikoari buruzko estudio bat egitea proposatuko du, “pandemia honetan zehar bizirautea herritar askorentzat izan den proba gogorra kontuan edukiz”.
Merkataritza eta ostalaritza sektoreari dagokionez, udal taldeko zinegotziaren aburuz terrazen tokian handitzeko aukera dago, hauek bezero kopuru handiagoa jaso ahal izateko helburuarekin, orain ostalariek osasun segurtasunerako neurri zorrotzagoak bete behar baitituzte. “Ekintza honek ezin izango balu izaera iraunkorrik eduki, dagozkion tasak ordaintzeko derrigortasunik gabeko aldi baterako epe baten alde egiten dugu, beti ere ondoko etxebizitzak errespetatuz. Udalerriaren hiri-egitura dela eta, aparkaleku batzuk helburu honetarako erabil daitezke, aldi baterako gutxienez”. Hobaridun erosketa txartel bat ezartzea proposatzen dugu ere, udalerriko edozein dendatan erabiltzeko eta “herritarrak hurbileko dendetara joateko pizgarri moduan”
Jaietako aurrekontuaren birmoldaketa
Halaber, “aurreikusten den moduan jaiak ohiko normaltasun egoeran ospatzeko aukerarik ez balego”, hauetara bideratutako aurrekontua gure merkatari eta ostalarientzako laguntza neurrietan erabiltzea proposatzen du Geroa Baik. “Jai formatu berri honetan, kaltetutako sektoreak kontuan eduki beharko ditugu funts hauek ahalik eta hoberen inbertitu daitezen”, azpimarratu du Iñigo Uhartek. Eta jaietan parte hartzen duten kultura elkarteei dagokienez, koalizioaren aburuz komenigarria da elkarte hauek jai formatu berriaren baitan egoten jarraitzea, eta hortaz, “udalaren diru-laguntza mantendu dadin”.
Azkenik, krisialdi honen izaera globala dela eta, Nafarroako Gobernuko ordezkariekin bai eta Estatukoekin ere harremanetan jar dadila eskatu dio Burlatako Geroa Baik alkateari, “udalentzako martxan jartzea ikertzen ari diren plan eta neurriak xehetasunez ezagutzeko, gure udalak horiek eskuratzeko helburuarekin. Zentzu honetan, bizitzen ari dugun krisialdi honen inguruan Europar Batasunak eskuragarri jarriko dituen funtsen erabilera estudiatzea planteatzen dugu ere”.