PHTren Ezkioko konexioa dela eta izandako iritzi aldaketa aurpegiratu dio Senatuan Koldo Martínezek PSOEri
Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak, trenbide bidezko garraio interpirenaikoari buruz gaur Senatuan izandako eztabaidan, PSOEren jarera aldaketa ekarri du gogora, bere hauteskunde programetan Ezkioren aldeko apustua egin izan baitu behin eta berriro Europarekin lotzeko alternatiba moduan.
Geroa Baiko senataria Abiadura Handiko Nafarroako Korridorearen gorabeherak aipatu ditu, Sustapen Ministerioak 2010 urterako martxan egoteko konpromisoa 2002an hartu ondoren.
“Ordutik hona txosten asko ditugu, adierazpen mordo bat eta obra minimo batzuk. Estatuko gobernu ezberdinetako arloko ministro bakoitzak bere hitza eman du trena Nafarroara iritsiko zela, erabaki ezazue zuek nahi duzuen datan. Baina PHT ez da iristen, nafarrok Estatuko abiadura handiko trenbideetako metro bakoitzaren %1,6 ordaindu dugun bitartean. Gero hitz egin dezatela Nafarroako Hitzarmenaren solidariotasun ezari buruz”, salatu du Koldo Martínezek Goi Ganberan.
Geroa Baiko senatariak azpimarratu duenez, Ezkioko alternatiba PSOEren web orrialdean 2018ko martxoan agertzen zen arren, ziurtatuz gainera “Ezkiotik, Gipuzkoan, trenbidea lotzen duen aukerak berme gehiago eskaintzen dituela eta Gasteizerainoko trenbide tarteko saturazio maila ez zela onargarria izango denbora tarte hurbilean eta trenbide sarearen edukierarengan eragina edukiko zuela”, eta, beranduago, 2019ko foru hauteskundeetarako PSNren programan ere, orain ordea ez dirudi sozialistek hain argi dutenik eta diotena da garrantzitsuena ez dela nondik egin, egitea baizik”.
“Eta bai -azpimarratu du Koldo Martínezek-, egin beharra dago, baina Ezkiotik, bai Geroa Baik bai eta Navarra Sumak Alderdi Sozialistaren aurrean defendatzen dugun moduan. PSN bakarrik geratu da gure Parlamentuan, izan ere, inbertsioa nabarmen handiagoa den arren, espero bezalako tren fluxua lortzeko aukerarik onena da eta, gainera, ingurumenarekiko eta Nafarroako eskualde horretako herritarrekiko askoz ere begirunetsuagoa”.
Koldo Martínez