Planifikazio elektrikoak lurraldetasuna eta erkidegoetako industriaren zama kontuan hartzea eskatu du Geroa Baik
Planifikazio Elektrikoaren zirriborroari Nafarroak alegazioak aurkeztu dizkiola gogorarazi du Geroa Baik, eta planifikazio egokiago bat bermatzeko Sektore Elektrikoaren Legea aldatu beharra dagoela ohartarazi du
Datozen urteetarako Planifikazio Elektrikoaren zirriborroak ez dituela Nafarroak egindako eskaeren zati handi bat kontuan hartu gogorarazi du Geroa Baik. Nafarroako Gobernuko Industria eta Trantsizio Ekologikoko Departamentuak jada egin beharreko alegazioak egin dituen arren, koaliziotik azpimarratu dute Sektore Elektrikoaren Legearen 4. artikulua aldatu beharra dagoela ere, planifikazio hori egiteko orduan erkidego bakoitzak duen industria-zama kontuan har dadin eta planifikazioaren faktore moduan lurraldetasuna aintzat har dadin ere. Horrela jasotzen da Geroa Baik datorren ostegunean Parlamentuko Osoko bilkuran defendatuko duen mozioan.
Mikel Asiain foru parlamentariak nabarmendu duenez, Nafarroaren kasuan “industria BPGren %31 da eta, gainera, industria intentsiboa da nabarmentzen dena”. Bi datu hauek, gaineratu du Asiainek, “ezagutu dugun Planifikazio Elektrikoaren zirriborroan, momentuz, ez dira kontuan hartu”, horregatik Mikel Irujoren departamentuak alegazio sorta bat aurkeztu du, “bere eskaerak bigarrenez helarazteko, eta jakinik horiek aintzat hartzea edo ez, berriro ere Ministerioaren eskutan dagoela”.
Asiainen aburuz beharrezkoa da planifikazio elektrikoaren zirriborroa aldatzea, “Nafarroak planteaturiko potentzia eskaera bertan agertzeko”. Aldi berean adierazi duenez, “egoera hau ezin da garrantzia gutxiko afera tekniko moduan hartu, Nafarroaren etorkizun industrial eta ekonomikoa jokoan baitago”.
Horregatik, Geroa Baik datorren ostegunean parlamentuan defendatuko duen ebazpen proposamenak Estatua premiatzen du, Sektore Elektrikoaren 24/2013 Legearen 4 artikulua aldatu dezan, Planifikazio Elektrikoari dagokiona alegia, burutu beharreko planifikazioetan elementu objektibo eta erabakigarri moduan lurraldetasuna kontuan har dadin. Era berean, erkidego bakoitzean industriak BPGan duen zama kontuan hartzea eskatzen da ere, lurralde bakoitzean industria intentsiboak duen zama portzentuala modu berezian kontuan hartuz.
Mikel Asiain