Plaza elebidunak eta merezimenduen dekretua onartzeak euskarazko arretari ematen dion bultzada balioetsi du Geroa Baik
“Plantilla organikoa aldatzen duen Foru Dekretuak dakarren aurrerapauso garrantzitsua” baloratu du Geroa Baik, “euskara beharrezkotzat duten 258 plaza berri sartu baitira”. Koalizioak pozik jaso du “Nafarroako herritarrei Foru exekutiboak eskaintzen dien euskarazko arretari ematen zaion bultzada, nafar gizarteak Administrazioaren aldetik Nafarroko bi hizkuntza propioetan arreta jasotzeko duen eskubideari erantzuna emanez”.
Geroa Baik nabarmendu duenez, “profil elebiduna duten 258 plaza berri sortzeak, gaur egun daudenekin alderatuz, %50eko gorakada dakar”. “Gorakada honekin, egun elebidunak diren %3,27 plazetatik ia %5era pasatzen da, baina aurrerapausoak are eta garrantzia handiagoa du kontuan hartzen badugu Geroa Bai Gobernura iritsi eta hizkuntza politiken zuzendaritza bere gain hartu aurretik, portzentaje hau %0,9 onartezin bat zela”, gaineratu du.
Halaber, koalizioak balioetsi duenez “hemendik aurrera departamentu guztiek hizkuntza profildun plazak edukiko dituzte, aurrerapauso garrantzitsua hau, kontuan hartuz gaur egun 4 departamentutan profil elebiduneko plaza bakar bat ere ez dagoela herritarrei euskarazko arreta eskaini ahal izateko”.
Merezimenduen dekretuaren onarpenari dagokionez, “Nafarroako Administraritza Publikoetan euskararen erabilera anbizio handiagoarekin eta pluraltasunarekin zein euskal hiztunen hizkuntza eskubideekin modu begirunetsuagoan arautzea” izan arren Geroa Bairen apustua, koalizioak aitortzen du “orain arte bizi zen egoera kritikoa hein batean zuzentzen duela dekretu honek eta Eremu Mistoan gutxienez euskara berriro ere baloratzeko aukera ematen duela, adibidez”.
Horregatik guztiagatik, “Nafarroako Gobernuak eta zehazki Ana Olloren departamentuak eta Euskarabideak 2015 urtetik hona hizkuntza politikaren alorrean garatu duen lan tinko, koherente eta ausarta” azpimarratu du Geroa Baik. Koalizioaren arabera, “positiboan aurrera egitea lortu da, pauso tinko eta etengabearekin, duela 10 urte euskara mehatxatzen zuen erabateko prekaritate egoera birbideratuz”. “Euskararen normalizazioan pauso garrantzitsuak eta beti askatasunaren, boluntariotasunaren, parekidetasunaren eta aukera berdintasunaren premisatik eginak”.