Itzuli

Polikiroldegia aurki errealitate izango dela eta pozik agertu da geroa bai

Geroa Baik pasa den legegintzaldian bultzaturiko proiektua dela eta UPNk beti abstentziora jo zuela gogorarazi du

    Eguesibarreko Geroa Baik modu positiboan baloratu du Eguesibarreko polikiroldegiaren proiektua errealitate izateko bidean egotea. Koalizioak azaldu duenez, haiek izan ziren pasa den legegintzaldian proiektua bultzatu zutenak. “Lizitatu egin zen, baina esleitu gabe geratu zen”, gogorarazi du Helena Arruabarrena zinegotziak. “Bailaran polikiroldegi baten beharra dagoela badakigu eta ez dugu ulertzen 6 urtez gelditurik egon izana”, azpimarratu du.

    Geroa Baik polikiroldegiaren proiektua defendatzen duela nabarmendu du Arruabarrenak, baina “Udalaren errealitate ekonomikoan oinarritzen ez den” bideragarritasun txosten bat aurkeztu zaiela kritikatu du ere, “bi balizkotan oinarritzen baita, alde batetik Tokiko Ogasunen Funtsean eta bestetik polikiroldegiaren erabilera bonoan”. “Gastuak ezin ditugu dagokion organoak oraindik onartu gabeko proposamenei egotzi”..

    Halaber, Eguesibarreko Geroa Baik azaldu duenez, polikiroldegiaren aurkezpen publikoa behin udalbatzak onartu ondoren egin izana gustatuko litzaiokeen, hori baita kontratazio organoa.

    “Gure lehentasuna beti izan da polikiroldegia, hura eraikitzearen aldekoak gara, beti ere legearen baitan egiten bada”, azpimarratu du zinegotziak. “Geroa Baik bultzaturiko azpiegitura hau azkenean udal talde guztien adostasuna lortzearekin pozik gaude, gogoratu beharra baitago pasa den legegintzaldian UPNk beti abstentziora jo zuela eta ez zuela inoiz proiektua martxan jartzearen alde egin”. “Azpiegitura beharrezkoa eta garrantzitsua da, eta horregatik zaindari egongo gara bere epeak eta prezioak bete daitezen”, azpimarratu du Helena Arruabarrenak.

    Errizar aretoko komunak

    Halaber, Eguesibarreko Geroa Baik bere kezka agertu du Sarrigurengo herri zaharreko Errizar aretoko komunen eraikuntza lanak ezarritako epean egiten ari ez direnaren aurrean, hala lizitatu zen arren.

    Helena Arruabarrenak salatu duenez, udaleko osoko bilkura ezberdinetan agerian geratu da Errizar aretoari zerbitzua emateko komunen eraikuntza atzeratzen ari zela. Gaur egun ez dago kontratazio pleguetan ezarritako epeen barruan horiek eraikitzeko aukerarik, lanak ez baitira oraindik hasi, horregatik Geroa Baik Navarra Suma premiatu du gai honi konponbidea eman diezaion.

    Izena eman gure buletina jasotzeko