Itzuli

Polizia abusuen foru legearen aurkako helegiteak autogobernuari erasoa direla gaitzetsi du Geroa baik

Auzitegi Konstituzionalak helegiteak tramitera onartu ondoren, Geroa Baik Parlamentua zein Gobernua premiatu ditu foru legea defendatzeko kausan ager daitezen

    PP eta Ciudadanos, UPNrekin batera Navarra Sumako kide direnek, Voxekin batera, Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoaren biktimen aitorpen eta erreparaziorako Foru Legearen aurka aurkezturiko helegiteak Auzitegi Konstituzionalak tramitera onartu ondoren, “helegite hauek foru autogobernuaren aurkako erasoak” direla gaitzetsi du Geroa Baik.

    Geroa Baik gogorarazi duenez “helegiteek salaketa onartezinak jasotzen dituzte”, hala nola legeak biktimak eta borreroak nahasten dituela edota ETA zuritzeko saiakera dela. Argudio horiek, koalizioak gogorarazi duenez “modu publikoan gezurtatu dira, bai legearen sustatzaile izan diren talde politikoen aldetik bai eta interpretazio mota hauen kontra azaldu diren ETAren biktima ugariren aldetik ere”.

    “Helegitepean dagoen legeak Mikel Zabalza, Gladys del Estal, José Luis Cano edo Germán Rodriguez bezalako biktimei aitortza egin nahi die” gogorarazi du Geroa Baik, “eskuin muturreko taldeen edota funtzionario publikoen aldetik indarkeria pairatu zutenei alegia, alor hau arautzen zuen aurreko foru legeak Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenaren ondorioz jasandako murrizketei egokitu zelarik testua, ebazpen hark testua hein batean baliogabetu ondoren”.

    Geroa Baik azpimarratu duenez, “ideologia edo testuinguru biktimologikoa dena delakoa ere, indarkeriaren biktima guztientzako egia, justizia eta erreparazioa bilatzeko behar etiko eta politikoa dugu”.

    Halaber, “talde politiko jakin batzuek erabiltzen duten politikaren judizializazio sistematikoa” gaitzetsi du koalizioak, eta “desadostasun politikoei irtenbidea emateko markoa elkarrizketaren aldeko apustua” egin du.

    Azkenik, Geroa Baik Nafarroako Parlamentua eta Foru Gobernua premiatu ditu Nafarroako legea defendatzeko kausan ager dadin.

    Izena eman gure buletina jasotzeko