PP eta VOX alderdiek trafiko eskumenaren transferentzia Nafarroari ukatzea “diktaduraren beto nostalgikoa eta eskubide historikoei mespretsua” direla salatu du Barkosek
“Gobernuaren eta Foru Parlamentuaren borondatearen aurka, Foruzaingoaren aurka eta Nafarroako herritarren aurka egitea” leporatu die bi formakuntzei
Trafiko eskumenaren transferentzia gauzatzeko Foruaren Hobekuntzaren aldaketari PP eta Vox alderdiek Senatuan aurkeztutako betoen eztabaidaren baitan, Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak gogor egin du gaur bi formakuntza hauen aurka. Horrela, bi alderdiei leporatu die “Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Parlamentuaren borondatearen aurka” jokatzen ari dutela, “Francok Foruzaingoari ebatsi zion eskumen hau berreskuratzeko”, eta era berean “Nafarroako herritarren” aurka doazela ere, “hiru legegintzalditan zehar eskumen hau berreskuratzeko sostengu demokratikoa eman baitute herritarrek”.
Zentzu honetan, Barkosek gogorarazi du erreforma honen alde “Nafarroako Parlamentuko bozen %90 batu zirela” eta PP zein VOX alderdiek ekimen honi jarritako betoak “diktaduraren beto nostalgikoa” direla salatu du, bai eta “eskubide historikoei mespretxuzko betoa, Nafarroako Gobernuaren eta Parlamentuaren subiranotasunari beto iraingarria eta, azkenik, beto koldarra, terrorismoaren komodina erabiltzen baitu, eta horrek ez du ezer ikustekorik izan frankismoak ebatsi zigun eskumen honen berreskurapenean, aitzakia hori erabili duten arren erabat zilegia eta demokratikoa den prozesu honen aurka egiteko, Nafarroako gizarteak, bere ordezkariek eta Foruzaingoak urte luzez hala eskatu duten arren”.
Honi dagokionez, “justifikaezina justifikatu” nahi izatea leporatu die foru senatariak PP eta Vox-i, “terrorismoaren, ETAren, bere oinordeko politikon eta bere ezkutupekoen balizko bilakaera eta inposaketak” aitzakia moduan hartuz gainera. “Gaur, beste behin eta Foruaren Hobekuntzaren erreformari egiten zaion beto honekin, hemen ETAren nostalgiko asko dagoela diotenen argudioak ontzat ematen dituzue zuek”, aurpegiratu die Barkosek bi formakuntza hauei.
Halaber, Geroa Baiko senatariak ohartarazi duenez, gai honen inguruan PP eta Vox alderdiek duten aurkako jarrerak “eskubide historikoak zalantzan jartzen dituztenen argudioak sendotzen dituzte, eskubide horiek aitortzeko LORAFNAk eta 78ko Konstituzioak jasotzen duten gaitasuna ukatzen baitute”.
Era berean, Geroa Baiko senatariak salatu duenez, bi formakuntza hauen aurkako jarrera “Nafarroako Parlamentuaren borondatearen aurka doa, pasa den urriaren 17an Senatuari espresuki eskatu baitzion LORAFNAren erreformari bere oniritzia eman ziezaion”. “Bide batez gogoratzearren, Foru Parlamentuko bozen %90arekin egin zuen”, azpimarratu du.
“Bide batez, -jarraitu du- ez dut ahaztu nahi Auzitegi Gorenak, eta zuek beto honekin, Francok Lege Dekretu bidez ebatsitako eskumenak Dekretu bidez berreskuratzeko Gobernu demokratikoen eskubidea ukatzen duzuela; begiratzekoa, alajaina”.
Azkenik, Barkosek azpimarratu du PP eta VOXen betoak “erreforma hau modu lotsagarri eta doilorrean atzeratzea, oztopatzea eta borrokatzea” bilatzen duen arren, Trafiko eskumena “60 urteren ondoren Nafarroako Foruzaingoari itzuliko zaiola azkenean”.