Itzuli

PSN-k Erriberan UPN eta PP-ren faltsukerien diskurtsoa kopiatzea deitoratu du Geroa Baik

Koldo Martínez Koldo Martínez

PSNk Erriberan UPN eta PPren faltsukerien diskurtso katastrofista kopiatzea deitoratu du Geroa Baik, María Chivitek Tuteran egindako gosari informatibo baten ondoren. Koldo Martínez koalizioko bozeramaileak gogorarazi duenez legegintzaldi honetan aurrerapen handiak lortu dira Erriberako udalerrientzako, Toki Inbertsioen Planaren desblokeoarekin eta plan berri bat martxan jarriz, “Nafarroako udalerriek hainbat obra eta hobekuntzari ekitea ahalbidetuz”.

“Nafarroako Gobernuak martxan jarri dituen neurrien artean, honakoak nabarmendu nahiko genituzke; Tuterako Fernando Remacha kontserbatorioaren %100ko finantzaketa, urteetako eskaerari erantzuna emanez; Tuterako Huertas Mayores IPren handitzea; Ribaforada, Cabanillas eta Fustiñanarako DBH Institutu berri baten eraikuntza; edo Castejóneko Institutuaren eraikuntza”, nabarmendu ditu Martínezek, “horrek hezkuntza publikoarekin gure konpromisoa frogatzen du UPNren gobernuek urte luzez egindako murrizketen ondoren, horietako asko PSNren eskutik gainera”.

Geroa Baiko eledunak gainera Osasungintza alorrean ezarritako neurrietako batzuk nabarmendu nahi izan ditu ere, hala nola laborategiaren eta bere langileen mantentzea, Sofia Erregina Ospitalean hobekuntzak, Buruko Osasun alorraren berrantolaketa, edo Ribaforadan mediku kontsultategi berri bat.

“Uler dezakegu gobernu honen ia hiru urteren ondoren eta PSNk beti UPN eta PPren ondoan mantendu duen jarrerarekin, orain Gobernuari alternatiba izan daitekeela ikusarazi nahi duela, baina ez dugu onartuko horretarako faltsukeriak eta egia erdiak erabiltzerik. Egungo Exekutiboak benetako gizartearen eskaerei begira egiten du lan, eta ez politika identitario eta nazionalistei begira Chivitek eta PSNk dioten moduan, modu horretan 2015ean balio izan ez zuten mamuak astintzearen estrategiarekin bat eginez, gaur egun ere ez baitute balio”, amaitu du Martínezek.

Izena eman gure buletina jasotzeko