Itzuli

Rozalejo Jauregia irekitzea Nafarroaren memoria eta bizikidetza politika publikoentzako zedarria dela nabarmendu du Geroa Baik

2015 urtean hasitako apustu politikoa burutu izanaren balioa azpimarratu du koalizioak eta herritarrei, elkarteei eta ikerketari irekitako espazio moduan aldarrikatu du Rozalejo

    Rozalejoko Markesaren Jauregia irekitzea, Nafarroaren Memoria, Bake eta Bizikidetza politika publikoentzako zedarria dela adierazi du Geroa Baik, era berean azpimarratuz Geroa Baik bultzatutako apustu politiko bat burutzen dela horrekin, Uxue Barkos buru izandako legegintzaldian hasi baitzen proiektu hau eratzen eta, zortzi urteren ondoren, nafar gizarte osoarentzako erreferentziazko espazio moduan gauzatu da.

    Jauregia Memoriaren Nafarroako Institutu sortu berriaren egoitza bihurtzeko apustua 2018an eman zen aditzera, 2015ean abiatutako legegintzaldian hasi zen estrategia baten baitan. Koalizioarentzako, gaur jauregia irekitzeak frogatu egiten du politika publikoek denbora, ausardia eta jarraitasuna behar dutela, bai eta apustu politiko bat egungo eta etorkizuneko belaunaldien zerbitzura dagoen ondare kolektibo bilakatu daitekeela.

    “Anbizioz planteatu zen eta mantentzeko, garatzeko eta gauzatzeko gai izan den politika baten emaitza ikusten dugu gaur. Politika, printzipioekin eta borondate eraldatzailearekin gidaturik dagoenean, herritar guztien zerbitzura dauden espazioak eta tresnak utzi ditzakeela frogatzen du Rozalejok”, azpimarratu du Geroa Baik.

    Geroa Bairentzako, Rozalejoren balioa eraikin historiko baten zaharberritzea baino askoz gehiago da. “Alde Zaharreko eraikin esanguratsu bat berreskuratu dugu nafar gizarte osoaren zerbitzura jartzeko, bai eta bizikidetza eta demokrazia eraikitzeko ezinbestekoak diren politika publikoen zerbitzura jartzeko ere”, nabarmendu du koalizioak.

    Nafarroako Gobernutik garatu den lanaren garrantzia azpimarratu nahi du koalizioak, bereziki Memoria eta Bizikidetza esparrutik egin dena, Ana Olloren gidaritzapean, bai eta eraikinaren zaharberritzea ahalbidetu duten zerbitzu publiko eta profesionalen lankidetza ere.

    Azkenik, Geroa Bairen aburuz Rozalejo Jauregia irekitzeak garrantzia berezia du egungo testuinguruan. Memoria eta bizikidetzaren baloreak zalantzan jartzen dituzten diskurtsoen aurrean, gure iragana ezagutzea, biktimak aitortzea eta belaunaldi berriei balore demokratikoak helaraztea ahalbidetzen duten politika publikoen beharra defendatu du koalizioak. 

    Izena eman gure buletina jasotzeko