Itzuli

RTVEk kazetariak Saharara ez bidaltzeko erabakian Gobernuak eraginik izan ote duen galdetu du Koldo Martínezek

Nazio Batuek eta Grande-Marlaskak berak Espainiari potentzia administratzailearen papera eman ziotela gogorarazi du

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak Gobernuari galdetu dio ea RTVEko zuzendaritzak erakunde publikoko kazetariak Ekialdeko Saharara joatea ekiditeko erabakian eraginik izan ote duen.

    Koldo Martínez beste senatari eta diputatuekin Saharako errefuxiatu kanpamentuetara bidaia ofizialean dago eta neurri honen aurka RTVEko Erredaktore Kontseiluak adierazitako gaitzespenarekin bat egin du.

    “Erakunde publikoko erantzule gorenen erabakiak, TVE eta RNEko nazioarteko informazioko arduradunak dimititzera eraman dituenak alegia, etxeko kazetarien independentzia zalantzan jartzen du. Eta horregatik galdetu diot Gobernuari RTVEko zuzendaritzarekin harremanetan jarri ote den aurrekaririk ez duen erabaki baten gainean eragina edukitzeko”, argitu du Koldo Martinezek.

    “Ekialdeko Saharak uneotan duen egoera kritikoak are eta garrantzia handiagoa ematen dio herri subiranotasunaren ordezkariok egiten ari dugun bisita honen gaineko informazioari eta, hortaz, bidaiaren interes publikoa eztabaidaezina da. RTVEko kazetariei betoa ezartzeko argudioa Polisarioak antolaturiko bisita dela izatea, Marokori enbarazurik ez egitea bilatzen duten interes politikoetatik bakarrik azaldu daiteke”, salatu du Koldo Martínezek.

    Era berean, Marokok su etena hausteko erabakiaren ondoren Ekialdeko Saharak pairatzen duen gatazka belikoari buruz galdetu dio ere Geroa Baiko senatariak Gobernuari.

    Koldo Martínezek gogorarazi duenez, Espainia da lurralde horretako potentzia administratzailea. “Espainiak, potentzia administratzaile den heinean, bere betebeharrak ez ditu betetzen, eta hori baita Nazio Batuek 1995eko 2072 Ebazpenaren bitartez egokitu zion papera, eta berriki 2014an Auzitegi Nazionaleko Penal Aretoak berretsia, garai hartan egungo Barne ministroa buru zuena gainera, Grande-Marlaska alegia”. Senatari autonomikoak gogorarazi duenez, nazioarteko zuzenbideak Espainia behartzen du “Saharako herritarren trataera zuzena bermatzera eta abusuen aurrean babestera, Gobernuak betetzen ari ez duela agerikoa delarik”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko