Itzuli

Sadar estadioaren segurtasuna Foruzaingoak esklusiban bere gain hartzea eskatu du Geroa Baik

Koalizioaren iritziz pasa den asteburuan jazotako gertakari larriek egungo ereduaren arriskuak agerian uzten ditu, aldi berean nabarmenduz Sadar estadioaren segurtasuna Foruzaingoak bere gain hartzea, autogobernua jardutea eta honi begirunea izatea dela

    Blanca Regúlez Blanca Regúlez

    Geroa Baik beti defendatu du eta anbiguotasunik gabe gainera, Foruzaingoak polizia integrala izan behar duela, Nafarroako Polizien Foru Legean jasotzen den moduan. Horregatik, koalizioaren aburuz “inkoherentea eta justifikaezina” da Estatuko indarrek Nafarroaren autogobernuarengan eragina duten eginkizunak jarduten jarraitzea, hala nola kirol ekitaldien segurtasuna. Azken asteburuan Sadar estadioan jazotako gertakari larriek agerian utzi dute Nafarroako estadio nagusiaren segurtasuna Foruzaingoak kudeatzearen beharra, Geroa Baik Nafarroako Parlamentuan erregistraturiko mozio batean jasotzen den moduan.

    Zentzu honetan, Blanca Regúlez parlamentariak azpimarratu duenez, “larunbatean, CA Osasuna eta Real Madrid CF taldeen arteko partidaren ondoren  ikusi genuena oso larria da: polizia jardun desegokia eta neurrigabea, polizia propio baten ezaugarri den hurbiltasun irizpideetatik urrun dagoena eta Klubak berak, zaleek eta herritarren zati handi batek ere deitoratua”.

    Parlamentariaren aburuz, gertakari hauek “agerian uzten dute egungo segurtasun eredua estadioan mantentzearen arriskua”. Halaber, “gertatutakoaren erantzukizun politikoa Nafarroako erakundeen eskutik kanpo dago, Nafarroan Gobernuaren Ordezkariaren balorazioak modu esklusiboan izan direlarik horren erantzule, kasu honetan poliziaren jardunbidea babestuz eta inolako autokritikarik gabe”.

    Egoera hau, Regúlezek gogorarazi duenez, “bateraezina da benetako autogobernuarekin eta nafar herritarrek haien estadio nagusiko segurtasuna bere polizia propioak kudeatzeko duten eskubidearekin, Nafarroako erakundeen kontrolpean egonez horrela”. Parlamentariak gaineratu du “Sadar Estadioaren segurtasuna Foruzaingoak bere gain hartzeak ez dela aukera politiko bat bakarrik, autogobernua jardutea eta hari begirunea agertzea baizik”.

    Horregatik, Geroa Baik mozio bat erregistratu du Nafarroako Gobernua premiatuz Sadar Estadioaren segurtasuna Nafarroako Foruzaingoak modu esklusiboan bere gain hartzeko beharrezko neurriak lehenbailehen har ditzan, bertan egiten diren partida eta lehiaketa guztietan.

    Zentzu honetan Regúlezek gogorarazi du Geroa Bairentzako Foruzaingoa polizia integrala eta erreferentziazkoa izan behar duela, bere eginkizunak Nafarroa osoan jarduten dituena. Gainera, azpimarratu duenez, “Foruzaingoak Foru Komunitatean egiten diren kirol emanaldi askoren segurtasuna normaltasun eta eraginkortasun osoz bere gain hartu ditu jada”, Sadar Estadioaren segurtasuna ordea Polizia Nazionalak jarduten duelarik, “egoera hau, Foruzaingoaren izaera integralarekin eta gure autogobernuaren benetako jardunarekin bateraezina den anomalia izanik”.

    Horregatik, azpimarratu duenez, “eskumen honen jarduna behin eta berriro eskatu dugu”, horrela geratu zen islaturik 2023-2027 epealdirako Nafarroako Gobernua eratzeko programa akordioaren Desadostasunetan, kirol lehiaketetan, eta modu zehatzean Sadar Estadioan, Foruzaingoak eginkizun hau modu esklusiboan jardutea jasoz.

    Horrela, parlamentariak azpimarratu duenez, "hau ez egitea, eskumen propio bati de facto uko egitea da, bai eta nafar polizia eredu baterantz aurrera egiteko borondate politiko eza”. Izan ere, “eskumen hau modu osoan jardutea ez da kontu sinbolikoa, autogobernuari loturiko exijentzia demokratikoa baizik, bai eta Nafarroan gertatzen denaren gaineko erantzukizun instituzionalarekin ere”, dio Regúlezek. “Kirol emanaldi jendetsu baten segurtasunak erabaki operatiboak behar ditu, bai eta Nafarroako erakundeen kontrolpean egon behar duten erantzukizun politikoak ere”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko