Itzuli

Sail Ureztagarrien Foru Plana garatzeko funts nahikoa bermatu dadila eskatu du Geroa Baik

Sail Ureztagarrien Foru Planean jasotako inbertsioak ahalik eta denbora tarte txikienean burutzera eta itzalpeko bidesaririk gabe finantzatzera premiatu du koalizioak

    Pablo Azcona Pablo Azcona

    Nafarroan orain arte egin den sail ureztagarrien eta lehorreko sailen eraldaketaren modernizazioan aurrera egitearen beharra azpimarratu du Geroa Baik, sail eraginkor eta ureztatze azpiegitura modernodunen papera “erabat erabakigarria” baita herritarrei elikagaiak hornitzeko orduan. Are gehiago egungoa bezalako eszenatoki batean, “baliabide hidriko geroz eta gutxituagoekin tenperaturen gorakada dela eta, prezipitazioen gainbeherari lotuz, klima aldaketak eragindako eszenatokien larritzearen ondorioz”, horrekin batera “elikagaien eskaera hazkorra” dagoelarik, “ezegonkortasun geopolitikoko testuinguruan, Europaren elikagai-subiranotasuna mehatxatuz eta, hortaz, Nafarroarena ere”.

    Horregatik, koalizioak mozio bat erregistratu du, horren bitartez Nafarroako Gobernua premiatuz “Sail Ureztagarrien Foru Planean jasotako beharrezko inbertsioak ahalik eta denbora tarte txikienean burutzeko finantzaketa nahikoa” bermatu dezan, “sistema ezberdinen arteko garapen orekatu bat ezarriz”. Era berean Geroa Baitik azpimarratu dutenez, inbertsio horiek “baliabide propioen bitartez, Europako funtsekin eta banketxeen finantzaketarekin egin behar dira, itzalpeko bidesariak bezalako ereduak errepikatzeko aukera ekidinez”.

    Zentzu honetan, azken hamarkadetan Nafarroak egin duen “esfortzu garrantzitsua” nabarmendu du Geroa Baik, “sail ureztagarri tradizionalen 49.0000 ha modernizatuz eta lehorreko sailak modernizatuz, Nafarroako Ubidearen esparru ureztagarrian oro har”. Hala ere, “oraindik sail ureztagarri tradizionalen 30.000 ha daude  ureztatzeko azpiegitura zaharkituekin, horrek ur xahutzea eta eraginkortasun oso txikia ekarriz, horiei Nafarroako Ubidearen 2. Fasetik egin gabe dauden hektareak gaineratu behar zaizkiolarik”, gogorarazi dute.

    Horregatik, Geroa Bairen aburuz “sail ureztatuen modernizazioa, energia berriztagarrien bitartez energetikoki autojasangarriak eginez, nahitaezkoa da nekazaritza sektorearen eta nekazaritzako elikagaien industriaren bideragarritasuna ziurtatzeko”. Horregatik da hain garrantzitsua Sail Ureztagarrien Plana, izan ere Nafarroako Ubidearen, Bardeetako Ubidearen eta gainontzeko sistemen gune ureztagarriekin batera, 54.000 ha batzen dute eta 900 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa ekarriko dute. Gogorarazi dutenez, plan honek “sistemari hornidura berme handiagoa eman beharko dio, bai eta neguko soberakinen metaketa gaitasuna eduki eta sail ureztagarri presurizatu berrien kostu energetikoak modu nabarmenean murriztu ere”. Azpiegitura hauei esker, sistema bati egokiturik dauden azalera batzuk hornidura aldatu lezakete, horrek “inolaz ere ez duelarik ekarriko Nafarroako ureztatzaileentzako eskuragarri dagoen dotazioa murriztuko”.

    Gainera, ebazpen proposamenean, Valderreyko Urtegia eraikitzera premiatzen da Gobernua, bai eta horri dagozkion azpiegiturak ere, izan ere “Bardeetako Ubidearen sail ureztagarrien modernizaziorako funtsezko tresna da hori”.

    Halaber, Geroa Baik adierazi du beharrezkoa dela Nafarroako Gobernuak CANASAri Pie de Presa eta Toma zentral hidroelektrikoen aldi baterako lagapena ez berritzea. Zentral horiek Nafarroako Ubidearen proiektuan sartuta daude, eta lagapena 2003ko irailean formalizatu zen, horrela zentral horien ustiapenetik sortzen diren etekinak, 2036ko urtarriletik aurrera, azpiegitura hidraulikoak eragindako toki-erakundeetan garapen jasangarriko jarduerak finantzatzera bideratuko dira.

    Izena eman gure buletina jasotzeko