Itzuli

Santi Argibide Ekisoain izango da Uharteko alkatetzarako Geroa Bairen hautagaia

Udalerriari egonkortasuna ematen jarraituko dion talde baten buru egoteko herritarren konfiantza lortzeko asmoa du uhartearrak

    Santi Argibide Ekisoain izango da Uharteko Alkatetzarako Geroa Bairen hautagaia. Euskaldunberria, 46 urte ditu eta udalerrian jaioa da, ezkondurik dago eta bi alaba eta seme baten aita da. Industria sektorean egiten du lan, bertan gainera ordezkari sindikala delarik. Bere bizitza osoan zehar Uharteko elkarte eta herri mugimenduetara loturik egon da, hala nola futbol taldea, Munduko Argia Gazte Elkartea, Ortzondo dantza taldea edo Zanpantzar taldea.

    Azken urteetan gainera Virgen Blanca Ikastetxe Publikoko Zumedia Guraso Elkarteko presidentea izan da, eta Uharteko Bide Segurtasunaren Plataforman modu aktiboan hartu du parte ere, udalerriko bide segurtasuna hobetzeko helburuarekin eta, zehazki, PA-30 errepide inguruko segurtasuna hobetzeko.

    Argibide lanean dihardu jada Uharteko gainontzeko geroabaikideekin batera datozen lau urteetarako hauteskunde programa sendo baten idazketan.  Udaleko zerbitzu publikoen hobekuntzaren aldeko apustua da programa horren ardatz nagusia, horretarako garapen ekonomiko jasangarri bat proposatuz.

    Zentzu honetan, jasaten ari dugun krisialdi energetiko larria datorren legegintzaldiko erronka nagusietako bat izango da, bertan Uharteko Geroa Baik konponbide ezberdinetan lanean arituko delarik, hala nola gure bizilagun eta enpresengan energiaren prezioaren gorakadak izandako eragin bortitza arintzeko, horrela eraikinen eraginkortasun energetikoa hobetzera edo argindar eta gas faktura murriztera zuzendurik dauden neurriak proposatuz,  legegintzaldi honetan jada lantzen ari diren ildo berean.

    Era berean, Uharteko Alkatetzarako Geroa Bairen hautagaiak bere konpromisoa agertu du “hezkuntza ziklo osoan dauden beharrizanei erantzuna emateko, gure eskumenen barruan eta dagokionaren aurrean eginez, Haur Eskoletatik Bigarren Hezkuntzaraino”. Ikastetxe Publikoan DBHko Lehen eta Bigarren zikloa ezartzeko aukera ikertzea da horren helburua.

    Kirol alorrean eta berriki egon den grebaren ondoren, koalizioaren beste apustuetako bat “kirol zerbitzuari egonkortasuna emango dion behin betiko konponbidea” ematea izango da, eta kultura alorrean “gure ondare historikoa gordetzeko eta hari duintasuna emateko lanean jarraituko dugu, herri moduan gure sustraiekin zuzenean uztartzen den gainbalioa dela uste baitugu”.

    Uharteko Geroa Baik datorren maiatzaren 28ko hauteskundeetan Uharteko herritarren konfiantza lortu nahi du, udalerriari egonkortasuna ematen jarraituko duen talde baten buru egoteko helburuarekin. “Geroa Bai Nafarroan gobernu aurrerakoiak eratzeko ezinbesteko eragilea da. Frogaturik geratu da Geroa Baik herritarren konfiantza jaso duen tokietan Gobernu pluralak eratzea ahalbidetu dela, politika aurrerakoiekin, gizarte kohesioarekin eta bizikidetzarekin dugun gure konpromisoa berdin-berdina baita Nafarroako Parlamentuan zein Uharteko Udalean, eta denek ezin dute gauza bera esan”.

    Legegintzaldiaren balantzea

    2015 urteaz geroztik, gure udalerriko bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko lanean aritu da Geroa Bai Uharteko Udalean. Azken hilabeteetan, koaliziotik Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Plan bat bultzatu dugu, industrialdeen garapenean eta tokiko ekonomian zentratuz; Uharteko Gazteluaren berreskurapena, denboran iraungo duen proiektu baten bitartez eta legegintzaldi honetan bultzatzen jarraitzeko konpromisoarekin; edo Nasuvinsa-rekin batera San Esteban kalean 12 etxebizitzaren promozioa, gazte eta zaurgarrienen beharrizanei erantzuna emateko.

    Koalizioaren udal taldeak gainera, legegintzaldian zehar Geroa Baiko parlamentu taldearekin batera burututako lanaren balantze oso positiboa egiten du, Nafarroako Aurrekontu Orokorren bitartez finantzaketa lortu baita eta Uharten hobekuntza eta inbertsio garrantzitsuak burutu baitira horrekin.

    Horrela, lan honi esker, 2020an 30.000 eurorekin ‘Botika gutxitu eta gehiago mugitu’ gaixo kroniko eta adinekoen ariketa fisikorako programa bultzatu zen, EH Bildurekin batera aurrekontuei aurkeztutako zuzenketa baten bitartez.

    2021 urtean bi hobekuntza lan burutu ziren Berroako bidean hori ibai-parkearen baitan sartzeko (40.000 euro); eta 2022an Uharteko Gaztelua berreskuratzeko proiektuaren idazketa lana egin zen (20.000 euro) eta Virgen Blanca Ikastetxe Publikoko patioaren naturalizaziorako lehen lanak burutu ziren.

    2023an, koalizioak aurten exekutatzeko zuzenketak sartu ditu ere, hala nola 50.000 euroko partida bat Gaztelua berreskuratzeko lehen lanak egiteko, eta 20.000 euroko beste bat Pérez Goyena Haur Eskola eraberritzeko, bere gabezia larrien ondorioz 2019 urtean itxi behar izan ondoren.

    Izena eman gure buletina jasotzeko