Sarrigurenen 6.000 etxebizitza eraikitzeko María Chivitek egindako aldebakarreko iragarpena salatu du Eguesibarreko Geroa Baik
Lurralde Kohesioko departamentuak beste behin Udala kontuan hartu gabe jardun duela kritikatu du koalizioak eta Eguesibarren udal eskumenei eta herriaren garapenaren denborei begirunea eskatu du
Sarrigurenen 6.000 etxebizitza eraikitzeari buruz, María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakariak, Oscar Chivite Lurralde Kohesiorako kontseilariarekin batera atzo egindako iragarpena salatu du Eguesibarreko Geroa Baik
Eguesibarreko Geroa Bairen iritziz oso kezkagarria da “aldez aurretik jakinarazi gabe, 4.000 etxebizitza egiteko lehen iragarpen baten ondoren, orain 2.000 etxebizitza gehiago iragartzea, tamaina honetako garapen batek Eguesibarrentzako izan dezakeen eragina jakinik”.
Koalizioak gainera salatu duenez, proiektua “Udala kontuan hartu gabe” bultzatzen ari da eta Nafarroako Gobernuak burututako prozesu partehartzaileak zalantzan jarri du. “Prozesu partehartzaile faltsu batekin babesten dute euren burua, baina Udalaz Gaindiko Inzidentziako Plan Sektorialaren aurkako ahotsak ez zituzten entzun ez eta kontuan eduki ere”, azpimarratu du.
Lurralde Kohesiorako Departamentuak proiektu hau bultzatzen ari duen bizkortasunaren aurrean, Eguesibarreko udal taldeek bilera bat egin zuten azken San Fermin jaien datetan eta prozedimenduari luzamendua egiteko eskaera bat departamentuari helaraztea adostu zuten, Udalaren eta Gobernuaren arteko elkarlana mesedetzeko helburuarekin.
“Eskaera honek ez zuen erantzunik jaso. Horregatik, oso deigarria da orain María Chivite lehendakaria izatea hain zuzen ere erakundeen arteko lankidetza aldarrikatzen duena, elkarrizketarako gure eskabide formalaren ondoren isiltasuna besterik jaso ez dugunean”, ziurtatu du Eguesibarreko Geroa Baik.
Udalak udalerriko planifikazio urbanistikoan jokatu beharreko papera aldarrikatu du koalizioak. “Hirigintza alorrean udal eskumenak defendatzen ditugu. Gure denborak eta gure garapenak defendatzen ditugu”, adierazi du.
Nafarroan etxebizitza eskaintza handitzeko beharra aitortu du Geroa Baik eta hori, gobernuarekin elkarbanatzen duen kezka dela azpimarratu du. “Badakigu Nafarroak etxebizitza gehiago behar duela eta kezka hori elkarbanatzen dugu, baina gure seme-alabak parte direla sentitzen duten toki batean bizitzeko aukera defendatzen dugu ere”.
Eguesibarreko Geroa Baik halaber, Sarrigurengo lehen UGIPS-aren esperientzia gogorarazi du, izan ere, koalizioak salatu duenez, bertan dotazioak elkar-bana finantzatzeko hitzarmen bat aurreikusten zen arren, agerikoa da hori ez zela bete. “Urrutira jo gabe, orain Kultura Etxe berria lizitatuko da eta Nafarroako Gobernuak oraindik ez du zehaztu ekarpen ekonomikorik egingo ote duen”, nabarmendu du.
Eguesibarreko Geroa Bairen iritziz, UGIPS berriak “gehiegizko” garapen urbanistikoa planteatzen du, bereziki kontuan izanik Iruñerrian badirela jada fase aurreratuan dauden beste garapenak eta horiek etxebizitza beharrei erantzuna ematen lagun dezaketela.
Koalizioak berriro azpimarratu du ez dagoela etxebizitzaren garapenaren aurka, baina hori elkarrizketarekin, planifikazioarekin eta udal eskumenen begirunetik egitea eskatu du.
“Geroa Bain etxebizitzaren garapenera irekita gaude, baina ez modu honetan, eskumen atribuzio bidez. Eguesibar adin nagusikoa zen Sarriguren garatu zenean eta orain prozesu horren esperientzia gordetzen du. Beste ‘EkoHiririk’ ez dugu nahi. Beste hirigintza eredu bat nahi dugu: askoz ere atseginagoa eta asko ere zentzudunagoa”.
Joseba Orduña Navarro