Sekretu ofizialak desklasifikatzeko bere “ausardia eza” egotzi dio Barkosek gobernuari
Gobernuaren koherentzia eza aurpegiratu dio Bolaños ministroari “ultraeskuinaren aurkako bataila aldarrikatzeagatik baina frankismoaren sinboloak bere horretan mantenduz, Sekretu Ofizialen Legea esaterako”.
Uxue Barkos Geroa Bairen senatariak, sekretu ofizialak desklasifikatzeko eta horiek babesten dituen legea indargabetzeko bere “ausardia falta” egotzi dio Gobernuari, jarrera hori “onartezina” dela adieraziz.
Horregatik, Geroa Bairen senatariak Bolaños ministroari eskatu dio Gobernuak “paperak desklasifikatu ditzala: Gasteizekoak eta Jurramendikoak 76an, 78ko sanferminetakoak, eta Mikel Zabalzaren hilketaren inguruko paperak ere”.
Gaur Senatuan egin den Gobernu kontrol saioan, alor honetan espainiar Gobernuak duen koherentzia eza aurpegiratu dio Barkosek Félix Bolaños Presidentetza, Justizia eta Gorteekin Harremanetarako ministroari. “Egia dena da zuek ultraeskuinaren aurrerapausoen aurka batailatzearen beharra aldarrikatzen duzuela, baina frankismoarentzako beharrezkoak diren sinboloak bere horretan mantentzen dituzuela: besteak beste, sekretu ofizialen legea. Eta 8 urte dira jada boterean, Bolaños jauna; denbora nahikoa Francisco Francoren diktaduraren berariazko ikur honekin amaitzeko”, salatu du Geroa Bairen senatariak.
Barkosek ere 1978ko Konstituzioari berriki egin zaion oroipen ekitaldia aipatu du: “Pasa den otsailaren 17an, Sánchezen Gobernuak bere osotasunean, bizitza demokratiko luzeena eduki duen espainiar Konstituzioaren iraunaldia ospatu zuen, 78ko Konstituzioarena alegia, 47 urte baino gehiago bete baititu, baina ahaztu egin zuten Sekretu Ofizialen Legeak 10 urte gehiago bete dituela… ia ezer”.
“Lege honek -jarraitu du foru senatariak- lortu egiten du frankismoak sekretu ofizialak demokraziaren gainetik babestea, 78 Konstituzioaren gainetik jartzen den legea eta, bereziki, demokraziaren eskubideengan sekretu frankista inposatzen duen legea”.
Halaber, pasa den uztailean Gobernuak Kongresura igorri zuen Informazio Klasifikatuaren Lege Proiektua aipatu du eta bere parlamentuko tramitazioan egondako aurrerapauso eza kritikatu du. “Esango didazu, Bolaños jauna, Gobernuak ‘berea egin duela’, Gorteetara Lege proiektu bat igorri duzuela jada, baina egia dena da zure parlamentuko gehiengoak modu komenigarrian geldiarazita duela”.
“Gobernu bate Lege proiektu bat Ganberara igortzea bi balizko helburu ditu: onartzea edo ez onartzea, baina gobernu serio batek inoiz ez luke ‘ea zer gertatuko den’ edo ‘ea legegintzaldi amaierara iristen den’ jarrerarekin egin behar”, gaitzetsi du.
Uxue Barkos