Sekretu Ofizialen Lege frankistaren erreformak izango dituen epeak eta bere irismena ezagutzeko galdera egin dio Barkosek Gobernuari
Aste honetan Ministroen Kontseiluak onartu duen Demokraziaren aldeko Ekintza Planaren baitan dagoen lege aldaketa hau nola planteatuko den ezagutzea eskatu du
Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak parlamentuko galdera bat erregistratu du gaur, Sekretu Ofizialen lege frankistaren erreforma egiteko Gobernu zentralak zer nolako neurriak aurreikusten dituen ezagutzeko helburuarekin. Espainiar exekutiboak arau hau aldatuko duela iragartzean erakutsi duen zehaztasun faltak eragin du ekimen hau, aste honetan bertan onartu den Demokraziaren aldeko Ekintza Planaren baitan egon arren erreforma hau, ez baita zertan gauzatuko den zehazten. Horregatik, Geroa Baiko senatariak galdetu du ea “zein epe aurreikusten dituen Exekutiboak sekretu ofizialen legearen erreforma honi ekiteko eta zein izango den horren irismena”,
Zentzu honetan, Barkosek Gobernu zentrala premiatu du “lege frankista honen erreformari anbizioz ekiteko pauso irmoak” eman ditzan, “gizarteak eskatzen dituen eskubideetan aurrera egitea oztopatzen baitu lege honek”, aldi berean adieraziz “Estatuaren babespean burututako giza eskubideen urraketa larrien inguruko informazioa giltzapean eta blindaturik mantentzen duela”.
“Sekretu Ofizialen Legearen aldaketa erabat beharrezkoa da Nafarroarentzako oso garrantzitsuak diren kasuak argitzen laguntzeko, hala nola Mikel Zabalzaren desagerpena eta heriotza, 1978ko Sanferminetan gertaturikoa edo 1976an Jurramendiko gertaerak”, ziurtatu du foru senatariak.
Hori dela eta, “koherentzia” eskatu dio Barkosek Pedro Sánchezen Gobernuari. “Gobernu zentralak demokrazia sendotzea benetan bilatzen badu, Sekretu Ofizialen Legearen erreforma egiteko saiakera beste behin ezerezean geratzea ezin du onartu, desmemoriari eskainitako monumentu frankista itzela baita lege hori”.