Itzuli

“Sekretu Ofizialen Legea desmemoriarentzako den monumentu frankistarekin” amaitzea eskatu dio Barkosek Bolañosi

“O-23an gertaturikoaren sekretua gordetzen duen lege hau mantentzea eskuin muturrari galga jartzearekin ezin da uztartu, kontrakoa baizik” salatu du

    Uxue Barkos Uxue Barkos

    Gobernu zentralak Sekretu Ofizialen Legeari dagokionez duen “koherentzia eza” leporatu dio gaur Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak Felix Bolaños Presidentetza, Justizia eta Gorteekin Harremanetarako ministroari. “Sekretu Ofizialen Legea mantentzea eta horrekin 78ko Sanferminetan eskuin muturrak eragindako gertakari larriak isilpean babestea edo 76an Jurramendin gertaturikoa babestea ez da onargarria. Eskuin muturrari aurre egitea eta bien bitartean Mikel Zabalza kasuan eta bere senitartekoei zor zaien egian eskuin muturra isiltasunarekin eta inpunitatearekin babestea ezin dira uztartu”, aurpegiratu dio Barkosek Bolañosi.

    Ildo berean, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak torturaren biktimentzako bultzatu duen aitortza nabarmendu du Barkosek, baina aldi berean deitoratu duenez “ezin zaiei egia eta justizia eskaini, kasu hauek Sekretu Ofizialen Legeak babesten jarraitzen baititu”.

    “Eta Nafarroako kasuetan geratzen naiz, baina geografia politiko orokorrean jarri dezaket begirada eta gogorarazi lege honek O-23an gertaturikoaren sekretua gordetzen duela eta hori ezin da eskuin muturrari galga jartzearekin uztartu, kontrakoa baizik”, gaineratu du.

    Horregatik, “Sekretu Ofizialen Legea desmemoriarentzako den monumentu frankista honekin amaitzea” eskatu dio Geroa Baiko senatariak ministroari. “Faxismoek eta frankismoak XX mendeko Europan utzi zutena ahaztera zigortzen baititu desmemoriak belaunaldi berriak, eta hor dugu, hein handi batean, pasa den ekainaren 9an gazte europarrek eskuin muturrari emandako botoaren azalpena”

    Halaber, Barkosek Bolañosi ohartarazi dio “eskuin muturrari freno demokratikoa ezin dela kanpaina garaian geratu, baizik eta ekintza eraginkorrak behar dituela, Sekretu Ofizialen Legeak ematen duen babes estaldura frankistarekin amaitzea adibidez”.

    Azkenik, Gobernu zentralak arau honen erreforman parte hartzeko borondatea duela iragarri dio ministroak Geroa Baiko senatariari, iragarpen honen aurrean Barkosek bere oniritzia agertu diolarik eta, lege aldaketarekin paraleloan, “eskaera zehatzak dituzten kasuak desklasifikatzea” eskatuz, besteak beste Mikel Zabalza edo 78ko Sanferminen kasuak gehiago luzatu gabe. 

    Izena eman gure buletina jasotzeko