Itzuli

Senatua, Geroa Baik proposaturik, kultura funtsezko ondasun moduan aldarrikatzearen alde

Koldo Martínez ekimenaren proposatzaileak azpimarratu duenez, sektorearen menpe dauden 700.000 familia babesteko pauso bat da hau, pandemiaren aurkako neurriekin haien etorkizunak konprometiturik baitaude

    Koldo Martínez Koldo Martínez
    Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak bere poza agertu du Gobernuak Kultura Funtsezko Ondasun aldarrikatzearen alde Goi Ganberak aho batez onartu duen adierazpenagatik. 
    Adierazpenean, Koldo Martínezek aurkeztua eta Goi Ganberan ordezkaritza duten alderdi guztiek sinatua, eta Mahaiburuak datorren irailaren 22 osoko bilkuran irakurriko duena, hala dio testualki:
    “Senatuak komenigarria deritzo Ministroen Kontseiluak, beste herrialdeetan gertatu den era berean, Kultura Funtsezko Ondasun moduan aldarrikatzea, horrela gizartearen sendotze eta kohesiorako hain beharrezkoa den jarduera bati babesa emanez, Covid-19aren krisialdian zehar Estatuko, autonomietako eta toki erakundeetako agintariek hartutako neurriekin Estatuak babestu ituen beste jardueren mailan jarriz”.
    “Kultura eta arte talde ezberdinen aldetik Kultura Funtsezko Ondasun aldarrikatzeko Gobernuari egiten zioten eskaerari oihartzuna eman genion Geroa Baitik. Izan ere sektore kulturalak krisialdi honetan normaltasun berria deituriko horretara egokitzeko gaitasun itzela frogatu du, ikuskizunetan eta beste adierazpen artistikoetan kutsadurak ekiditeko segurtasun eta higiene neurriak martxan jarriz. Horregatik, beharrezkoa deritzogu, nazioarteko organismoetako adituek azpimarratzen duten moduan, gure gorputzentzako eta gure emozioentzako onura handiak dakartzaten jarduerei funtsezko izaera ematea”, nabarmendu du Nafarroako Parlamentuak izendatutako foru senatariak. 
    Koldo Martínezen aburuz, “Kultura, uneoro gizarteak aurre egiten dien arazoentzako erantzuna den heinean, gure ongizateari mesede egiten dio eta konfinamendua eramangarriagoa egiteko funtsezko elementu moduan agertu da. Denoi datorzkigu burura haien balkoietatik gure konfinamendua atsegintzen zuten abeslari eta musikariak. Horregatik deritzogu kontrol-neurri egokiekin Kultura, bere adierazpen guztietan, gure bizitzetan presente egon behar duela, eta are gehiago bizi izan ditugun egoeretan, gure osasuna defendatzeko mugimendu askatasuna murrizturik ikusi baitugu”. 
    Geroa Baiko senatariak aitortzen duenez, Goi Ganberako gainontzeko taldeekin negoziaketa ez da erraza izan. “Sentsibilitate ezberdinak egokitu behar izan dira, baina azkenean denok eman dugu apur bat amore eta adierazpen elkarbanatua adostea lortu dugu, politika bilakatu den liskargunean batere erraza ez den zerbait alegia. Gobernuak aintzat hartuko duela espero dudan adierazpen hau erditzeko Kulturak Senatuko talde ezberdinen izpirituak batzeko eta arima elikatzeko eginkizuna bete duela esan dezaket”. Koldo Martínezek gogorarazi duenez Espainian 700.000 familia bizi dira sektoretik, “eta haien biziraupena arrisku larrian ikusten dute, haien jarduerari inposatzen zaion neurri murriztaileak larritasunez biziz, orain arte kultura jarduerekin zerikusia duen kutsadurarik ezagutzen ez den arren. Ez gara ez lehenak ez bakarrak, Frantzia edo Alemania bezalako beste herrialdeek Kultura Funtsezko Ondasun moduan aldarrikatzea onartu baitute ere”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko