Senatuak, Geroa Bairen ekimenez, Gobernua premiatu du Euskal y eta Nafarroaren arteko lotura zehazteko eta burutzeko aurrerapausoak eman ditzan
“Ezkioko loturaren erdiko bidearen aukerak arreta bereziarekin” kontuan har ditzan eskatu dio Exekutiboari
Uxue Barkos senatariak aurkeztutako mozio bat onartu du gaur Senatuaren Osoko bilkurak, horren bitartez Goi Ganberak Gobernu zentrala premiatu duelarik Euskal Y eta Nafarroaren arteko lotura zehazteko eta burutzeko aurrerapausoak eman ditzan, “arreta berezia jarriz Ezkioko loturaren hirugarren bidearen aukeretan; eta edozein kasutan, Nafarroako Gobernuarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin ados jarriz”.
Ekimenaren eztabaidaren baitan Barkosek gogorarazi duenez, azpiegitura honek “berebiziko garrantzia du Nafarroarentzako, BPG industrialeko %31 baitu eta ezin da Europa kontinentaletik aske gelditu, eta hori da gertatuko dena lotura azkenean Gasteizetik egiten bada, teknikarien beraiek egiaztatu duten moduan”.
Horrela, Ezkiotik lotura egiteko erdiko bidearen aukera “torpedeatzen” ari izana gaitzetsi du Geroa Baiko senatariak eta hau dela eta salatu duenez, “Ezkioko loturari buruz ari garenean arazoak magnifikatu egiten dira, baina Arkaute/Gasteizetik loturari buruz ari garenean minimizatu egiten dira ordea”.
Zentzu honetan, foru senatariak gogorarazi duenez, “abenduan, alderdi teknikotik bideragarria izatekotan, apustua Ezkiotik izan zedin Geroa Baik egindako eskaeraren aurrean, Puente ministroak hitzez hitz esan zuen Ezkioko loturak atzera martxa eta zizailadurak burutzera behartuko lituzkeela zenbait zirkulazio, horrek etorkizunerako trafiko aukerak mugatuz”. “Aukera honen bidean harri kozkor bat gehiago jartzeko azken argudioa izan zen hori”, azpimarratu du.
Hala ere, Barkosek azaldu duenez “gaur badakigu Arkaute/Gasteizen trenbide nagusiaren zizailadurak hamargatik biderkatuko lituzkeela Ezkioko denborak”, eta “Ezkioko loturaren kostuak ez dira hasiera batean aipatu ziren 1.800 milioi euro, 400 milioi euro gutxiago baizik: 1.400”.
Era berean, Geroa Baiko senatariak José Antonio Santano Garraio Estatu Idazkariaren hitzak itsustu ditu, honek berriki, gai hau “pixka bat desdramatizatzea” eskatu baitu. “Nik uler dezaket Nafarroaren interesetatik kanpo dagoen ikuspuntu batetik norbaiti kezka hau gehiegizkoa iruditzea, baina Foru Komunitatea lotura honetatik kanpo geratzea dramatikoa izango litzateke bere errealitatearentzako, eta ez hori bakarrik, erabaki txarra izango da ardatz Atlantikoak penintsula lurralde osoan zehar egiten duen ibilbidearen loturarako, izan ere Gasteiz, hala ohartarazi izan dute teknikariek, azpiegitura hau martxan jarri eta denbora gutxira saturatu egingo baita”.
Halaber, Barkosek gogor kritikatu du “XXI mendean zehar Moncloan egon diren ondoz ondoko Espainiako gobernuak oso zekenak izan direla Nafarroari zegozkion azpiegiturei dagokienez”. “Edozein kasutan gogorarazi nahi dut eta argi geratu dadin, Nafarroak beti bete duela Estatu osoan burutu diren azpiegitura guztien kostuaren %1,6arekin”, horregatik, “Foru Komunitatearen beharren aurrean zikoiztasun honekin jarduten jarraitzen badute, agian egunen batean Nafarroak planteatu egingo du nola, noiz eta zergatik den %1,6 hori”, ohartarazi du.
ONARTUTAKO TESTUA
Barkosek sustatutako ekimenaren lehen puntuak, eta gaur Senatuak onartu duenak, Pedro Sánchez buru duen Gobernua premiatzen du “Europar Batasunaren baitan aurrerapausoak eman ditzan garraioaren sare transeuroparraren korridore Atlantiko eta Mediterraneoaren mugaz bestaldeko zatiak amaitzeko aurreikusten diren epeak mantentzeko”.
Halaber, gaur Goi Ganberak onartu duen Geroa Bairen mozioak bigarren puntu bat ere badu, horren bitartez Senatuak Espainiako Gobernuari eskatuz “RTE-T-aren oinarrizko sarerako onartu diren epe berberetan aurrera egin dezan Euskal Y eta Nafarroaren arteko lotura zehazteko eta burutzeko, arreta berezia jarriz Ezkioko loturaren hirugarren bidean; eta edozein kasutan, Nafarroako eta EAEko Gobenuekin ados jarriz”.
Barkosek sustaturiko ekimenaren hirugarren puntuak Gobernua premiatzen du ere, honek “RTE-T-aren oinarrizko Sarean aurreikusita dauden epeak betetzeko beharrezkoa den nahikotasun ekonomikoa eskaini dezan”.
Era berean, laugarren puntu bat onartu du ere Barkosek, UPNk egindako zuzenketa bati bide emanez, horren bitartez Senatuak Exekutiboari eskatuz “RTE-T-aren oinarrizko sarerako onartu diren epe berberetan aurrera egin dezan Korridore Atlantikoaren baitan Zaragoza eta Iruñea arteko lanak ahalik eta gehien bizkortzeko”.
Uxue Barkos