Sesmako biometano plantaren kokalekua aldatu dadila eskatu du Geroa Baik
Koalizioak adierazi duenez, jasangarritasuna bere esanahi hirukoitzean kontuan hartuz burutu behar dira mota honetako instalazioak: ingurumenari dagokiona, ekonomikoa eta soziala
Sesman proiektaturiko biometano plantaren kokalekua aldatzera premiatu du Geroa Bairen parlamentu taldeak, Lodosako udalerriko erdigunetik 2 kilometro eskasera eraikitzea aurreikusten baita, azken honengan eragin nabarmena edukiko duelarik. Hala jasotzen da koalizioak Parlamentuan erregistratu duen mozioan, horren bitartez Nafarroako Gobernua premiatuz Nafarroan biometano plantak instalatzeko beharren azterlan bat egin dezan, bai eta mota honetako proiektuak, kokatuko diren udalerriekin adosteaz gain, instalazioak modu zuzenean eragin diezaiekeen beste tokiko erakundeekin ere landu daitezen.
Pablo Azcona Geroa Baiko parlamentu taldeko bozeramaileak azpimarratu duenez, koalizioak erregistraturiko mozioan jasotzen den moduan, Biometano Sesma SL enpresak udalerri horretan bultzatzen ari duen biometano plantaren instalazioak “ez du bere kokalekuaren gaineko adostasun sozialik ez eta udalen adostasunik kaltetutako udalerrietan”. Bereziki, azpimarratu du Azconak, Lodosan ez du lortu, “bertan Udalak aho batez eskatu baitu kokalekua aldatu dadila, Sesman proiektaturik dagoen arren, Lodosatik bi kilometro eskasera baitago, eta horrek udalerriarengan kalte-eraginak izan ditzake, herritarrak ere kalera atera direlarik kokalekua aldatu dadin”.
Horrela, Azconak adierazi duenez, “Geroa Baitik eskatzen duguna zera da; Lodosaren iritzia kontuan har dadila eta errespetatu dadila, biometano planta honen instalazioarekin kalte gehien jasoko duen udalerria izango baita. Parlamentuan Geroa Bairen bozeramaileak nabarmendu duenez, “Landa Garapenerako Departamentuak beste kokaleku alternatiboak planteatu ditu, horregatik hasiera batean planteatu zen kokalekua alda dezaten eskatzen diegu proiektua sustatzen ari duen enpresari eta Sesmako Udalari”.
Mozioaren baitan, nekazaritza eta abeltzantza azpiegituretan energia berriztagarriak sartzeko prozesuaren garrantzia azpimarratzen da, klima larrialdi egoerari erantzuna ematen eta ekonomiaren deskarbonizazioari heltzen laguntzen baitu. “Bide hau”, Geroa Bairen proposamenak jasotzen duenez, “aukera aparta izan daiteke sektore honek bere etorkizuneko erronkei bermeekin aurre egin ahal izateko”.
Era berean, estrategia hauek lurralde oreka jasangarriaren printzipioekin bateragarriak izan behar dutela jasotzen da, bai eta energia berriztagarriak ekoizteko eta ekonomia zirkularreko azpiegiturak herrietan instalatzeko konpromisoa duten udalerrien interes orokorrarekin eta bertako bizilagunen ongizatearekin eta bizi kalitatearekin ere. Zentzu honetan, Geroa Baitik gogorarazi dute administraritza publikoek bere adiera hirukoitzean bermatu behar dutela jasangarritasuna: ingurumenari dagokiona, ekonomikoa eta soziala.
Pablo Azcona