Sindikatu, alderdi eta kolektibo sozialek elkarretaratzea deitu dute foru legeen aurkako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak direla eta
Sindikatu, alderdi politiko eta kolektibo sozialek elkarretaratzea deitu dute datorren martxoaren 18a n Iruñean, 13:00etan Foruen monumentuan, hainbat foru lege bertan behera uzten dituzten Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenen aurrean protesta egiteko.
Mobilizazio honen deialdia ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT, Solidari, EHNE, Gure Esku Dago, EH Bildu, Podemos, Martes al Sol, Plataforma Navarra de Salud, Parlamento Social, SOS Racismo Navarra, Médicos del Mundo, Paperak Denontzat eta Sasoia antolakundeek izenpetzen dute.
Talde honek gogorarazi duenez Auzitegi Konstituzionalak osasun arreta unibertsalerako foru legea bertan behera utzi du berriki, ai eta Nafarroan Etxebizitza eskubidea bermatzeko larrialdiko neurrien 24/2013 foru legearen zati bat ere.
“Nafarroako Parlamentuan onartutako lege zerrenda luze baten azken atala da, momentuz. Suspendituta utzitako legeak eta ondoren Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi dituenak, hala nola Nafarroako Foru Erkidegoko sendagai osagarriei buruzko foru legea”, azpimarratu dute.
Antolakunde hauek kritikatu dutenez “Auzitegi Konstituzionaletik eta Estatuko beste erakundeetatik burutzen den bultzada berzentralizatzailea eta gizarte arloan atzerakoiak, gure gizarteko sektore ahulenak babesik gabe uztea bilatzen du”.
Bere iritziz, hiru alorretan gertatzen ari den “atzerakada” da. Lehenik, eskubideetan, “epaitegien erabaki hauek pertsona ahulenei eskubideak kentzen dizkietelako, eta hortaz, pertsona guztioi eskubide berberak bermatuko dizkigun gizarte kohesionatu baterantz aurrera egitea galarazten digu”.
Bigarrenik, ebazpen hauek Nafarroaren erabakitzeko gaitasunean eta autogobernuan eragina dutela iritzi dute. “Nafar gizartearen bultzada, lege hauen onarpenean frogatua eta berdintasunean eta justizia sozialean aurrera egitea helburu duena, hori galarazi nahi duten erabaki judizialekin egin du topo”, azpimarratu dute.
Hirugarrenik, ziurtatu dute “politikaren judizializazioak demokrazia bera kolokan jartzen ari duela”.
Horregatik, mobilizazioa deitu duten antolakundeek manifestu bat izenpetu dute, horrekin konpromisoa hartuz “pertsona guztientzako eskubide guztiak defendatzeko eta bermatzeko, bereziki Auzitegi Konstituzionalaren erabakien bitartez urratutako eskubideak; Nafarroako autogobernuaren eta nafar gizartearengan eragina duten erabakiak hartzeko gaitasunaren defentsarako; eta Nafarroa espazio demokratiko moduan defendatzeko”.
Zentzu honetan, deialdia luzatu diote nafar gizarteari eta gainontzeko agente sozialei, sindikalei eta politikoei, konpromiso hauekin bat egin dezaten eta datorren igandean Foruen monumentuan egingo den elkarretaratzera joateko.