Itzuli

Suizidoaren prebentziorako Nafarroako politika publikoak apaltzeko PP-ren saiakera gaitzetsi du Barkosek

Alor honetan Foru Komunitateak burututako planak eta estrategiak aldarrikatu ditu Barkosek, estatu mailan erreferente baitira

    Uxue Barkos Uxue Barkos

    Suizidioaren prebentziorako Nafarroan burutu diren politika publikoak apaltzeko Alderdi Popularraren saiakerak kritikatu ditu gaur goizean Goi Ganberan Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak.

    Modu honetan, alor honetan popularrek aurkeztutako ekimena gaitzetsi du Barkosek, hori onartzeak “Nafarroan abiapuntura bueltatzea” dela ulertzen baitu, izan ere Nafarroak baditu jada suizidioaren prebentziorako erreferentziazkoak diren planak eta estrategiak.

    Horrela, Geroa Baiko senatariak popularrek aurkeztutako testuaren edukia kritikatu du, horren bidez suizidioaren prebentziorako plan nazional bat bultzatzea eskatzen baitzuten eta bertan eragile ezberdinak sar zitezen, baina hori, ziurtatu duenez, “Nafarroan jada gertatzen da”.

    Zentzu honetan, Barkosek gogorarazi du Foru Komunitateak jada baduela “suizidioaren prebentziorako erakundeen arteko lankidetzarako protokolo bat eta hori Estatu osoan erreferentea eta aitzindaria dela, izan ere, lehen aldiz, Administrazioa gai honetan konprometitzen baitzen”. “Protokolo honek osasungintza, hezkuntza, gizarte zerbitzu, larrialdi, polizia, komunikabide, eragile sozial eta beste esparruetako profesionalen arteko koordinazio sistema bat ezartzen du”, azpimarratu du Geroa Baiko senatariak.

    “Alderdi Popularreko jaun andreok, koordinaziotik eraginkortasun handiagoa dagoela esanez, estrategia eta planifikazioaren zenbait errealitate abiapuntura bueltatu nahi izatea ez da zilegia”, nabarmendu du Barkosek Nafarroari erreparatuz.

    Era berean, Alderdi Popularraren ekimenaren zorroztasun falta kritikatu du foru senatariak, suizidioaren prebentziorako planak eta estrategiak garatu dituzten Erkidegoen artean ez baitu Nafarroa sartzen. Horregatik, “datuetan eta mugitzen garen eszenatokiaren deskripzioan zorroztasun handiagoa” eskatu dio Barkosek Núñez Feijóori, izan ere “ekimen hau proposatzen duenak modu deigarrian egiten du huts zenbait datutan”.

    Horregatik, Alderdi Popularrak aurkeztutako mozioa gaitzetsi du Barkosek eta “Nafarroan jada gertatzen ari den lan markoa erreferentzia moduan hartzera” animatu ditu ere.

    Azkenik, Geroa Baiko senatariak suizidioaren prebentzioan aurrera egiten jarraitzeko beharra aldarrikatu du, horretarako arazo honen inguruan eragile guztien lankidetza eskatuz, arazo hau ez baita “Osasungintzako departamentuei bakarrik eragiten dien gaia”. “Osasun sailak koordinatu beharko du, baina hau eragile askoren ardura transbertsala da, hots, administraritza guztiak, inbolukraturiko erakundeak, polizia kidegoak, komunikabideak eta beste abar, eta horiek guztiak, zalantzarik gabe, familiarteko inguruan integratu eta zaindu behar dira”, amaitu du adieraziz. 

    Izena eman gure buletina jasotzeko