Itzuli

Tafallako Geroa Baik hiriko erdigune historikoan hutsik dauden etxeak zaharberritzea eta berreskuratzea proposatu du alokairu lorgarriko etxebizitzak eskaini ahal izateko

Amaia Jaurrieta zinegotziak, Hirian egun dauden beharrizanei erantzuna emanez, Nafarroako Gobernuari planteatu dio erabilerarik ez duten eraikinak zaharberritzeko programa bat aktibatu dezan, bereziki Alde Zaharrean, horien alokairua sustatuz, bai eta uda

    Tafallako Geroa Baik Udaletik proposamen bat helarazi dio Nafarroako Gobernuari, udalerriko Erdigune Historikoan gaur egun erabilerarik ez duten eraikinak zaharberritzeko eta berreskuratzeko programa bat aktibatu dezan, alokairu lorgarriko etxebizitza moduan eskaini ahal izateko, horrela “bizilagunen artean egun dagoen eskakizunari erantzuna emanez, bereziki herriko gazteen artean edo gure udalerrian bizi proiektu berria hasten duten familien artean”.

    “Tafallako erdigunean etxebizitzak zaharberritzeko politikak eraginkortasun handiko tresna izan daitezke, gure hiriko gazte eta familiei etxebizitza lortzeko eskubidea eskaintzeko alokairu lorgarriko etxebizitzen parkea handitzeaz gain, gure Erdigune Historikoko suspertzeko eta berroneratzeko palanka delako”, nabarmendu du Amaia Jaurrieta Geroa Baiko zinegotziak. 

    Halaber, Tafallako Geroa Baik Foru Exekutiboari eskatu dio Santa Maria ingurualdearen balizko garapena eta aprobetxamendua iker dezan, bai bere atzeko aldetik bai eta aurreko aldetik ere, plaza inguruan, zinez hondaturik dagoen gune hau berroneratzeko helburuarekin.

    Etxebizitzak lagatzeko programa

    Halaber, Tafallako Udalak erabili daitezkeen eraikinen azterlan bat egitea proposatu du Geroa Baiko zinegotziak, kasu honetan jabetza pribatukoak diren eta gaur egun hutsik edo erabilerarik gabe dauden eraikinen artean, formula berarekin horien zaharberritzea Nasuvinsaren ardurapean egiteko, beti ere inbertsioa bideragarria den kasuetan, modu horretan horiek alokairuko etxebizitza moduan lagatzea sustatuz. Alokairu horrek Nasuvinsa sozietate publikoaren Alokairu Poltsak eskaintzen dituen berme eta abantaila guztiak eskainiko lizkieke behin zaharberritu ondoren haien etxebizitzak lagatzen dituzten jabeei.

    Beste ekintza ildo batean, etxebizitza lorgarria eskuratzea mesedetzeko eta udalerrian herritar gazteak geratzea edo bertara erakartzea lortzeko, Tafallak bere alokairuzko parke publikoa handitzearen alde agertu da Geroa Baiko udal taldea. Eskaera honi erantzuna emateko helburuarekin, Amaia Jaurrieta zinegotziak Nafarroako Gobernuari planteatu dio Tafallan foru jabegokoa den lurzorua erabil dezan, hirian alokairuzko etxebizitza promozio publiko bati ekiteko.

    Nasuvinsak bultzatzen duen alokairuzko etxebizitza publikoko Navarra Social Housing plana, gaur egun indarrean dirauena, Iruñerritik haratago hedatu zen eta gaur egun beste udalerritan ere ari da promozioak burutzen, hots Tuteran edo Lizarran. Hemendik aurrera, plan honen hurrengo fasea Tafallara ere hedatzearen alde egin du Geroa Baik.

    “Bultzada publikoa funtsezkoa da uneotan Foru Komunitate osoan alokairu lorgarriko etxebizitza eskaintza handitzeko, dela foru promoziozkoa edo tokiko erakundeekin lankidetzan egindakoa, horrela eskaerari erantzuna emateko eta, aldi berean, gizarte kohesioa eta lurraldearen egituraketa mesedetzeko, horretarako Tafalla bezalako hiri ertainak erabiliz”, azpimarratu du Amaia Jaurrieta zinegotziak.

    S. Fernández kaleko zebrabideak

    Bestalde, Tafallako Geroa Baik iragarri duenez, Auzitegien ondoko zebrabideen hobekuntza lanak burutzen ari dira jada, datorren asterako utziz, ferien ondoren, Severino Fernández Etorbide ondoan dagoen zuzenketaren burutzea,  asteburu honetan jaietako ekitaldiak egingo baitira Tafallan. Geroa Baik Nafarroako Aurrekontu Orokorrei aurkeztutako zuzenketa bati esker burutzen ari da Tafallan hainbeste erabiltzen diren oinezkoentzako igarobide hauen hobekuntza.

    Izena eman gure buletina jasotzeko