TEDER desegitea ekiditeko elkarrizketara deitu du berriro ere Geroa Baik
Erakunde hau eta Lizarraldeko Turismo Partzuergoa abandonatzeko atzo Lizarrako Udaleko Udalbatzak hartutako erabakiaren aurrean bere kezka agertu du koalizioak. Geroa Bairen aburuz erabaki “alderdikoia eta epe motzekoa” da
Geroa Baik “elkarrizketarako eta negoziaziorako” deia egin du berriro ere, Lizarrako Udala TEDER landa garapenerako elkartetik eta Lizarraldeko Turismo Partzuergotik irtetea ekiditeko, atzo, ostegunarekin, Lizarrako udalak bi organismoetatik irtetea onartu baitzuen UPN, PSN eta PPren botoekin. Koalizioaren ustez elkarrizketa horrekin “Lizarraldeko udalek eredu berri bat eta beharrezkoa den moldaketa bat bilatu beharko lukete, denek garapen agentzia berberean parte hartu ahal izateko”.
Zentzu honetan, hiria bi erakundeetatik irteteko Lizarrako Udalean bozkatu duten udal taldeei deia egin die haien jarrera birplanteatu dezaten, izan ere “Lizarra eskualdeko hiriburua da eta, hortaz, baterako estrategietan bere partaidetza oso garrantzitsua da”.
Era berean, TEDEReko arduradun politikoei eskatu die “Lizarrako Udalarekin hitz egitera eseri daitezen eta, denon artean, beharrezko esfortzua egin dezaten”, horrela egoera birbideratuz, “kaltegarria baita Eskualde osoarentzako, bai eta udal ezberdinentzako ere”.
“Alderdikoia eta epe motzekoa” dela deritzon erabaki honen aurrean bere kezka helarazi nahi du ere Geroa Baik, organismo hauek garrantzia handia baitute Lizarraldeko udalerrientzako, Eskualdeko garapen ekonomiko eta sozialera bideraturik dauden programa, proiektu eta laguntzak jartzen baitituzte martxan eta tamaina txikia duten udalerrientzako garrantzia berezia du horrek. Era berean adierazi duenez, “garapen agentzia unitario bat apurtzeak eraginak izango ditu Eskualde osoan, bereziki landa eremuetan, eta horiek zeintzuk izango diren kezkatzen gaitu”.
Koalizioak lehen unetik egin du elkarrizketarako deia, Lizarrako Udala TEDERetik eta Turismo Partzuergotik irteteko aukera ezagutu zenetik, garapen agentzia zein turismo partzuergoa apurtzea ekiditeko. Horrela, “elkarrizketa, akordioa eta irtenbideak bilatzea” eskatzen jarraituko dute erabaki hori gauzatzea ekiditeko helburuarekin.
Azkenik, Geroa Baik iragarri duenez “Eskualde osoko udal ordezkariekin Turismo Partzuergoa eta TEDER zein egoeratan geldituko diren analizatzen jarraituko dugu, bai eta erabaki honek jada hasi diren proiektuetan eta etorkizunean martxan jarri daitezkeenetan zein eragin izango duen ere”, modu honetan “baterako ekintzak eta adostasun zabalak bilatu” ahal izateko eta eskualdean eman daitezkeen ondorio ezkorrak arintzeko.