Terrorismoaren biktimen foru lege berri bat egiteko prozesuaren hasiera baloratu du Geroa Baik, eskubideetan, erreparazioan eta bizikidetzan aurrerapausotzat joz
Biktimekin dagoen konpromisoa dela nabarmendu du koalizioak, 2015 urtean hasitako bideari jarraituz
Terrorismoaren Biktimen Foru Lege berri bat lantzeko, gaur partaidetza publikoko prozesua hasi izana modu positiboan baloratu du Geroa Baik, Nafarroan kolektibo honen arreta, eskubide eta erreparaziorako markoa eguneratzea eta sendotzea ahalbidetzeko pausoa baita, gaur egun 2010 urtean onartutako foru lege batek arautzen duelarik.
Formakuntzak nabarmendu duenez, orain tramitazioa hasten duen aurreproiektuak aurrerapauso beharrezkoa eta koherentea dakar, biktimen eskaera historikoari erantzuna emanez eta lege eguneratuago, integralago eta zuzenago baterantz bidea irekiz, laguntza ekonomikoetara mugatu ordez, indarkeria terrorista pairatu dutenen eskubide eta laguntza sorta osoa handituz eta sendotuz. Geroa Baik gogorarazi du lege honen lanketa, egungo Nafarroako Gobernua sostengatzen duen programa akordioan jasotako konpromisoa dela, eta agindu politiko horri erantzuteaz gain, biktimekiko eta nafar gizarte osoarekiko dagoen konpromiso etiko bati ere erantzuten diola.
Koalizioak modu berezian azpimarratu du lege honek biktimen aitortza indibidual eta sozialean aurrera egiten duela, heziketa eta sentsibilizazio lana modu argian ezarriz, indarkeriari zilegitasuna kentzeko eta giza eskubideetan oinarrituriko bizikidetza bat eraikitzeko, belaunaldi berriengan arreta berezia jarriz gainera. Halaber, biktimen elkarteen partaidetzarako organo zehatz baten sorrerarekin, entzun-jarreran, elkarrizketan eta erakundeen lankidetzan oinarritzen den politikagintza modu bat sendotzen da.
Koalizioak gogorarazi duenez, 2015 urtean Geroa Bai Nafarroako Gobernura iritsi zenean sustatu ziren lehen aldiz bake, memorioa eta bizikidetza politika publikoak, alor honetan estrategia integralik gabeko hamarkaden ondoren. Zentzu honetan, gaur hasitako prozesua, orduan Ana Ollo buru duen departamentuak hasitako bidearen emaitza da, gaur oraindik ere jarraitzen ari duen bidea izanik gainera, biktima guztiei arreta eskaintzeko helburuarekin eta haien espezifikotasunari begirunez, parekatzerik gabe eta biktima bakoitzari bere testuinguru propioan arreta emanez.
Nafarroa zuzenagoa, kohesio gehiagoduna eta memoriarekin, bakearekin eta giza eskubideekin konpromisoduna bultzatzen jarraitzeko bere konpromisoa berresten du Geroa Baik, terrorismoaren biktimak politika publikoen erdian jarriz beti.