Terrorismoaren Biktimen Foru Lege berriak, terrorismoaren biktimentzako eskubideak, aitortza eta erreparazioa handitzen dituela baloratu du Geroa Baik
2015 urteaz geroztik bultzatutako memoria eta bizikidetza politiketan aurrerapauso berria dela azpimarratu du koalizioak
Geroa Baik oso modu positiboan baloratu du Nafarroako Gobernuak Terrorismoaren Biktimen Aitortza eta Erreparaziorako Foru Lege Proiektua onartu izana, Ana Ollo lehendakariordeak zuzentzen duen Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentutik bultzatutako araua delarik. Lege honek “2015ean hasitako bidean aurrerapauso berri bat ekarriko du, Nafarroa zuzenagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko, bai eta memoriarekin, bizikidetzarekin eta giza eskubideekin konprometituagoa ere”.
Koalizioak gogorarazi duenez, Uxue Barkos buru zuzen Gobernua izan zen, Nafarroaren historian lehen aldiz, memoria eta bizikidetza politikak lehentasun instituzional gisa kokatu zituena. “Ordutik hona, etengabe egin da lan memoria integral bat garatzeko, biktima guztien aitortzan oinarritua, bai eta indarkeria guztiei zilegitasuna kentzeko ekimenean eta bizikidetza solido eta demokratiko bat eraikitzeko”, azpimarratu du Geroa Baik.
Zentzu honetan, lege berriak 2010 urteko araudia eguneratzen eta hobetzen du, ikuspuntu integralagoa eskainiz eta egungo errealitateari egokituz. Koalizioak modu berezian nabarmendu du testuak biktimen eskubideak eta babesak hedatzen dituela erreparazio ekonomikoetatik haratago, arreta psikologikoa eta sanitarioa bezalako esparruak sendotuz, bai eta etxebizitza, enplegua, hezkuntza edo fiskalitatea, aldi berean haien errekonozimendu sozial eta instituzionala sendotuz ere. “Erreparazioa zentzu zabalean ulertzen duen legea da, biktimak politika publikoen erdian kokatuz”, ziurtatu du koalizioak.
“Lege honek erreparazioa eta justizia egiteko begiratzen du atzera, baina baita etorkizunera ere”, eta hori da Geroa Bairen aburuz lege honen balore nagusienetako bat. Arauak hezkuntza eta sentsibilizazio programak finkatzen ditu, belaunaldi berriei bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideekiko begirunearen baloreak helaraztea bilatuz.
Halaber, biktimen elkarteen partaidetzarako organo egonkor bat sortzearen garrantzia azpimarratu du, bai eta legea landu den bitartean egondako elkarrizketa eta entzute prozesua ere. Zentzu honetan, modu berezian nabarmendu du testua landu bitartean egon den prozesu partehartzailea, biktimen elkarte, erakunde eta herritarren inplikazioa jaso baitu, kontsulta fasean zehar egindako ekarpen asko testuan sartuz.
Nafarroak terrorismoaren biktimekin duen konpromiso etiko eta instituzionalari erantzuten diola azpimarratu du Geroa Baik, eta 2015 urteaz geroztik bultzatu diren politiken ezaugarri izan den lan ildoa berresten du: biktimak aitortu, haien memoria gorde, edozein indarkeria motari zilegitasuna kendu eta errespetuan zein giza eskubideetan oinarritutako bizikidetza sendotu.
Azkenik, proiektuak Nafarroako Parlamentuan babes zabala lortzea espero du koalizioak, terrorismoaren biktimen arretan, aitortzan eta erreparazioan aurrera egitea ahalbidetuko duen arauak duen garrantziak merezi duen moduan.