Tokiko administraritzak egiteke dituen erreformak garatzeko oinarrizko adostasuna lortzera deitu du Geroa Baik
Geroa Baik dio UPNk Parlamentuan bakarrik geratzeko erabakia hartu duela, tokiko administraritzen beharrizanei irtenbideak bilatzeari uko eginez
Geroa Baik premiazkoa deritzo 2019an onartu zen Tokiko Administraritzaren Erreformarako Foru Legea garatzea, Tokiko Erakundeek aurre egin beharreko erronkei erantzuna eman ahala izateko eta horiek eskaintzen dituzten zerbitzuak hobetzeko helburuarekin. Aste honetan, Parlamentuan, 2021 urteari dagokion tokiko sektore publikoari buruzko txostena analizatzeko Kontuen Ganberako presidenteak egindako agerraldiaren ondoren iritsi da eskakizun hau. Dokumentu horretan, aipatutako Erreforman ageri diren arrazionalizazio neurriak ezartzeko beharra azpimarratzen du berriro ere Kontuen Ganberak.
Geroa Baik eskatutako agerraldian Kontuen Ganberak berriro nabarmentzen zuenez, Nafarroako tokiko erakundeen zati handi baten dimentsio txikiak zerbitzuak modu eraginkorrean ematea zailtzen du. Parlamentuko saioan, Nafarroako Tokiko Administraritzaren Legea garatzeko neurri horiek ezar daitezela gomendatzen du berriro ere organo fiskalizatzaileak. Eta ildo horretan, Pablo Azcona Geroa Baiko bozeramaileak begi onez hartu du “azkenean geroz eta parlamentu talde gehiago ageri direlako tokiko mapa berriaren garapenean aurrera egitearen alde”.
Horrela, Azconak azpimarratu duenez, “tokiko mapa berriaren garapenarekin mesfidati agertu izan diren formakuntzek orain aitortzen dute tokiz gaindiko erakunde berriak martxan jartzea negoziatzeko tartea badagoela”. Aurrerapauso hau egon arren, “UPN da horiek garatzeko beharra ikusi gabe jarraitzen duen alderdi bakarra, horregatik gonbidatzen dugu autobazterketa horretatik irtetera eta tokiko erakundeentzako hain garrantzitsua den gai honekin bat egitera”.
Koalizioak UPNri gogorarazi nahi izan dio “udal presentzia handia duen formakuntza” dela, eta “hortaz gustatuko litzaiguke tokiko erakundeen lana erraztuko duen Lege baten garapena lortzeko adostasunen bilaketara bat egitea, horrekin herritarrek jasotzen dituzten zerbitzuak are eta gehiago hobetuko baitira”.
Era berean, tokiko erakundeen “jarduteko modu egokia” jarri nahi izan du agerian ere Geroa Baik, “horietako ia guztiek kudeaketa zuzena baitute”. Koalizioaren bokazio munizipalista nabarmena denez gainera, “egiteke dauden erreformei ekiteko beharra modu tinkoan defendatuko dugu”. Horrela ikusi da azken legealdietan, baina baita ere pasa den udan izenpetu zen programa akordioan, bertan, beste gai batzuen artean, tokiko mapa berrian aurrera egiteko lan mahai bat martxan jartzeko beharra jaso zelarik.