Trafiko eskumena Nafarroari eskualdatzearen alde Geroa Baik aurkeztutako adierazpen instituzionala ez da onartu eskuinen betoa dela eta
Pablo Azcona Nafarroako Parlamentuan Geroa Bairen eledunak Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren egindako adierazpenetan Valentzian izandako suteak sortutako minarekin bat egin du, 10 pertsonek bizitza galdu baitute gertakari trajiko hartan, familia askok euren ondasun guztiak sutean galduz ere. Azconak Geroa Bairen doluminak eta elkartasuna agertu dizkie biktimen familiei eta kaltetutako pertsonei.
Bestalde, Geroa Bairen eledunak azaldu du gaurkoan adierazpen instituzional bat aurkeztu dutela Trafiko eskumenari buruz Auzitegi Gorenak emandako ebazpena dela eta, Geroa Baik, EH Bilduk, PSNk eta Contigo Zurekin formakuntzek izenpetuz, baina ez da onartua izan eskuinen betoa dela eta. Trafiko eskumena Nafarroari eskualdatzeko Errege Dekretuaren bidea egokia zela azpimarratzen duen adierazpena da, horrela ebatzi baitzuten bere garaian Parlamentuko zerbitzu juridikoek. Eskumenaren transferentzia lehenbailehen burutzeko ahal diren bide guztiak ikertzera premiatzen zuen adierazpenak. Eta, azkenik, Nafarroako autogobernuarekin Ganberaren konpromisoa berresten zen ere; Trafikoa eskumen historikoa dela aitortzeaz gain.
Azconak azpimarratu duenez, “Auzitegi Gorenaren epaia autogobernuaren aurkako eraso larria dela berresten du Geroa Baik, Nafarroaren eskubide historikoen muina erasotzen baitu”. Halaber, transferentzia gauzatzea lortzeko, adostasun zabalak bilatzearen aldeko apustua berretsi du.
Aurrekontuei dagokienez, Azconak azaldu duenez Nafarroako Parlamentuan horien eztabaida aurrera doa Nafarroako Aurrekontu Orokorrak onartzeko. Azconak nabarmendu du Geroa Baik aurrekontu egonkortasunaren 9 urteko bideari heltzen jarraitzen diola. Eta gogorarazi duenez, koalizioak 110 zuzenketa propio onartu ditu 75 propio eta 35 beste taldeekin batera izenpeturik, “horiekin Nafarroak berehalako eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko egokiak direla deritzogun kontuak hobetzeko asmoa dugularik”, amaitu du azpimarratuz.
Pablo Azcona