Itzuli

Transferentziak bizkortzea eskatu dio Koldo Martínezek Miquel Iceta ministroari

Geroa Baiko senatariak Foru Berria aldarrikatu du ere

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak, Miquel Iceta Funtzio Publikoko ministro berriak Goi Ganberan izandako agerraldia aprobetxatu du, trafiko eta espetxeetako osasungintza alorren transferentzietan egondako aurrerapenak ezagutzeko.

    “Trafiko eta bide segurtasun eta espetxeetako osasungintzaren trasnferentzien gauzatzerako data ziurrik gabe jarraitzen dugu. Martxoaren 11an iragarri zen hurrengo egunetan, eta Chivite Lehendakariak eskatuta, Nafarroako ordezkariak Transferentzien Batzordera deituko zituztela egiteke zeuden transferentzien egoera zein zen azaltzeko. Eta Batzorde hori elkartzeko datarik ote dagoen jakin nahiko nuke, gai horiek gehiegi luzatzen ari baitira”, galdetu dio senatari autonomikoak ministroari.

    Icetak ziurtatu duenez, “Espetxeetako Osasungintza alorrean akordio bat erdietsi da jada eta Trafiko alorrean proposamen bat bidali diogu jada Nafarroako Gobernuari, honek proposamena ikertzen ari duelarik”. “Egia da batzuetan prozedimenduek ihes egiten digutela. Negoziazio prozesu bat da. Estatutuak nahi adina ezarri dezake, baina guk baliabideak eta langileak nola tokialdatzen diren zehaztu behar dugu, konpetentzia hori nola jarduten den. Eta horri buruz eztabaida luzeak eta batzuetan zailak egon daitezke. Nafarroako kasuan elkarrizketa ez da inoiz eten”, ziurtatu du Miquel Icetak.

    Foru Berria

    Funtzio Publikoko ministroaren agerraldian senatari autonomikoak mahaigaineratu duen beste gai bat Foru Berria izan da, Sánchezen legegintzaldiko lehen ministro kontseiluan helegitea jarri ziotena alegia.

    Koldo Martínezek gogorarazi duenez Foru Berria aho batez onartu zen Nafarroako Parlamentuan. “Parlamentariek eta adituek hainbeste denbora eta esfortzu eskaini zioten legeari modu ulergaitzean helegitea jarri zion Konstituzionalean zure Gobernuak. Zerk kezkatzen zaituzte nafarrek, haien zuzenbide zibil propioan oinarrituz, Konstituzioak aitortzen duena eta orain eguneratu egin dena, haien hipoteka zorrak ordainean ematearekin kitatzeko aukera badute adibidez, Foru Berriak jasotzen duen zerbait alegia? Hori baldin bada kezkatzen zaituztena, hedatu dezagun formula hori Espainiako Kode Zibilera, gure babesa edukiko duzue ganberan honetan. Baina igualitarismoa eta batzuek aitorturik dituzten eskubideak murrizten dituzten formulak ezin ditugu nahasi, gainontzekoei hedatzen saiatu gabe gutxienez”, azpimarratu du Koldo Martínezek.

    Ministroak gai honi buruz une honetan erantzunik eman ezin izana deitoratu du, baina informazioa lortzeko eta aurki erantzun bat emateko konpromisoa hartu du.

    Europako Funtsen %10 udalentzako

    Susperraldirako Europako Funtsen %10 gutxienez udalei bideratzeko Pedro Sánchezen konpromisoa gogorarazi dio ere Koldo Martínezek Funtzio Publikoko ministroari. Duela hilabete gutxi Senatuak, Koldo Martínezek proposaturik, mozio bat onartu zuen Gobernuari eskatuz portzentaia hori betetzeko. Geroa Baiko senatariak udalen lanaren garrantzia azpimarratu du pandemiaren aurkako borrokan, bai eta zaurgarrienei babesa emateko haien lanean jarraitu ahal izateko baliabideak emateko beharra ere azpimarratu du.


     

    Izena eman gure buletina jasotzeko