Trantsizio energetikoan aurrera egitea ahalbidetzen duten Moves Plana bezalako neurriak mantentzea defendatu du Geroa Baik
Geroa Baik Estatuko gobernua premiatu du III Moves Plana berritu dezan eta trantsizio energetikoa bere esparru guztietan garatzea ahalbidetzen duten beste neurriak har ditzan ere
Geroa Bairen aburuz trantsizio ekologikoaren garapena zuzena izateko beharrezkoa da orain arte zentzu horretan egokiak izan diren neurriak mantentzea eta berriak ezartzea. Horrela jasotzen du koalizioak datorren ostegunean Nafarroako Parlamentuko Osoko bilkuran defendatuko duen mozio batean, horren bitartez Estatuko gobernua premiatuz ‘omnibus dekretu’ moduan ezagutzen den horren kanpo geratu diren neurriak manten ditzan.
Horrela, Mikel Asiain Geroa Baiko parlamentariak azpimarratu duenez, “funtsezkoa da Nafarroa Green Trantsizio Ekologikorako Estrategian ezarritako ibilbide-orriarekin jarraitzea”. Parlamentariak nabarmendu duenez, estrategia hau “egungo ekoizpen ereduaren alternatiba jasangarriak sortzeko bokazioarekin planifikatu da, Europako Itun Berdea edo Green Deal-arekin lerraturik, bai eta klima larrialdiari erantzuteko aldaketa sozialak sustatzeko ere”.
Asiainek gainera adierazi duenez, ekintza ardatz ezberdinak hartzen dituen eraldaketa plan bat da, horien artean hauek aipatuz: “eraikuntza eta eraginkortasun energetikoa, ekonomia zirkularraren sustapena, landa eremuaren promozioa eta berrikuntza, bioaniztasunaren kontserbazioa eta kudeaketa, energia berriztagarriak edo mugikortasun jasangarria eta berritzailea”. Era berean, “ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen jasangarritasunaren prismarekin egin beharreko politika eta proiektuak garatzeko ibilbide-orria da ere”.
Geroa Baiko parlamentariak halaber gogorarazi duenez, “erakunde ezberdinek arau eta neurri ezberdinak aplikatu dituzte eta gure iritziz etorkizunerako funtsezkoak dira horiek”. Hala ere, “neurri hauetako gehienak koiunturazkoak izan dira, eta egiturazkoak izan beharko lukete trantsizio ekologikoa deitzen dugun epealdi honek irauten duen bitartean”, adierazi du.
Arrazoi hauek daude Geroa Baik datorren ostegunean Osoko bilkuran defendatuko duen mozioaren jatorrian, horrekin proposamen eta neurri sorta baten mantentzea eskatuko dutelarik, “oso egokiak izan baitira esparru hauetan” trantsizio ekologikoaren garapena bermatzeko.
Modu honetan, koalizioak egiten duen proposamenean Estatuko gobernua premiatzen da III Moves Plana berritu dezan “edo, kasuan kasu, antzeko ezaugarriak dituen beste batekin aldatu dezan”, adierazi du Mikel Asiainek. Era berean, Estatua premiatzen da Energia berriztagarrien autokontsumorako edo biltegiratzerako laguntzak arautzen dituen 477/2021 Errege Dekretuaren kreditua handitzen jarraitu dezan, izan ere, parlamentariak gogorarazi duenez, “bere exekuziorako ezarrita zeuden partida ekonomikoak agortu egin dira”.
Mozioak ere Estatuko gobernuari eskatzen dio Europako erakundeei eska diezaien, trantsizio ekologikoa bere esparru eta ekintza ildo guztietan garatzeko beharrezkoak diren funtsak mantendu daitezen. Eta azkenik, “programa edo proiektu horientzako luzapen automatikoen aukera ikertu dadin, trantsizio ekologikoan ezartzen diren helburuak bete arte”, amaitu du adieraziz Asiainek.
Mikel Asiain