Tratu txarren aurkako eskumuturrekoen kudeaketan gardentasuna eskatu du Barkosek
Eskuinak gai honekin egiten ari duen “erabilera alderdikoi eta oportunista” gaitzetsi du eta Berdintasun Ministerioa premiatu du “Aliexpress-en” eskumuturrekoak erosi direla dioten bezalako gezurrei aurre egin diezaien
Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak gaur Goi Ganberako Osoko bilkuran adierazi duenez, tratu txarren aurkako eskumuturrekoen krisian Berdintasun Ministeriotik egin den kudeaketan “informazioa falta egon da”, horregatik Ana Redondo Berdintasun ministroa premiatu du gai honen inguruan “erabateko gardentasuna” izan dezan.
Gai honen berri emateko ministroak egindako agerraldiaren baitan, Barkosek ziurtatu du gai honen inguruan aritzeko “opakotasuna ez dela konponbidea. Azalpen faltak deskonfiantza baino ez du eragiten, eta gehien sufritzen dutenak biktimak beraiek dira”, horregatik Berdintasun ministroa premiatu du komunikazio argia eduki dezan eta ustez “Aliexpress-en” eskumuturrekoak erosi direla dioten gezurrei aurre egin diezaien.
Horrela, Nafarroako senatariak egindako eskaeraren ondoren, ministroak gailu hauen jatorriari buruzko datuak eman ditu, eskuin muturraren salaketak gezurrak baino ez direla argitzeko.
Bestalde, gai honekin eskuinek egin duten “erabilera alderdikoia eta oportunista” salatu du Barkosek, aldi berean eskatuz “ez dezatela indarkeria matxista ez eta biktimen errealitatea erabili tresna politiko moduan”. “Eztabaidaren muina biktimak eta haien segurtasuna izan behar dute beti, eta ez konfrontazio alderdikoia ez eta eraso interesatuak ere”, salatu du. Zentzu horretan, foru senatariak PP, Vox eta UPN alderdiei aurpegiratu die osoko bilkura eztabaida “nahasia” bihurtu dutela, “Gobernua ahultzen kezkatuagoak baitaude konponbide eraginkorrak bermatzean baino”.
Halaber, Barkosek ziurtatu duenez, “akatsak egon direlako, erasotzaileak espetxetik ateratzeko epaiak egon badira, logikoa denez, erantzun bat eman beharko da eta esparru instituzionalean ere erantzukizunak argitu beharko dira, baina, beti ere, gertatutakoaren errealitatearekin bat”.
Azkenik, Geroa Baiko senatariak “exigentzia teknikoa, kontrol publikoa eta argitasun instituzionala” eskatu ditu gailu hauen kontratuaren berritzean, horrela “emakumeen babeserako funtsezkoa den sistema hau” blindatzeko.
“Bizitzei buruz ari gara, milaka emakumeren eta haien familien segurtasunari buruz. Ezin da distortsio politikorako arrazoi bat gehiago izan. Jokoan dagoena garrantzitsuegia da”, amaitu du adieraziz Barkosek.
Uxue Barkos