Itzuli

Tuterako Geroa Bai Larrarteren zuzenketa baloratzen du eta UPN-k eta PPN-k euskararekin duten obsesioa kritikatu du ere

Tuterako Geroa Baik modu positiboan baloratzen du Erriberako hiriburuko Udaleko enplegu eskaintza publikoetan euskararen balorazioa dela eta Eneko Larrarte eta Izquierda-Ezkerraren jarrera aldaketa, eta UPN eta PPNk gure hizkuntza propioarekin duten obsesioa kritikatu du.

Koalizioaren udal taldeak gogorarazi duenez, Tuterako Geroa Baik orain dela hainbat egun bere atsekabea agertu zuen Tuterako Udalak bost punturekin baloratzen zuelako ingelera, frantsesa eta alemanieraren ezagutza eta zero punturekin euskararena, Arartekoaren gomendioari jaramonik egin gabe gainera.

“Ulertezina zen euskarari eta Tuterako bizilagun euskaldunei aldaketaren Udala dela dioen honen aldetik ematen zitzaien trataera baztertzailea, horregatik poztu besterik ezin dugu egin Larrarte eta Izquierda-Ezkerrak egindako zuzenketarekin, gizarte presioak eraginda izan dela ulertuz ere”, azpimarratu du Erriberako hiriburuan koalizioaren udal taldeak.

Tuterako Geroa Baik gainera, UPN eta PPNk Larrarte eta Izquierda-Ezkerraren jarrera aldaketaren aurrean edukitako erreakzioak kritikatu ditu, nahiz eta ziurtatu duenez “tamalez gure hizkuntza propioarekin dituzten diskurtso baztertzaile eta obsesibo hauek ez dira harritzeko modukoak, bi alderdiek legegintzaldi osoan zehar erabili duten diskurtsoa baita eta agintean egon ziren urteetan euskararekiko eta euskal elebidunekiko mespretxua haien nortasunaren ezaugarri dela frogatu baitzuten”.  

“Geroa Baitik euskararen alde lanean eta aldeko neurriak bultzatzen jarraituko dugu, bai eta argi eta garbi justizia kontua dena defendatzen ere, hau da, euskaraz badakiten Tuterako bizilagunek enplegu publiko bat lortzeko orduan ezagutza hori meritu moduan erabili ahal izatea, beste hizkuntza bat ezagutzen duenaren maila berean gutxienez”, amaitu du Tuterako Geroa Baik.

Izena eman gure buletina jasotzeko