Tuterako Geroa Baik ingurumen boluntariotza jardunaldian izandako partaidetza eskertu du
Tuterako toki erakundeak ekimen honi jarraipena emateko nola egin eztabaidatzera deitu du Udala
Tuterako Geroa Baik, Barcelosako Urmaeleko inguruak garbitzeko pasa den igandean egindako ingurumen boluntariotza jardunaldian parte hartu zuten pertsonei bere esker ona agertu die bai eta ekimena babestu zuten indar politiko guztiei ere (Izquierda-Ezkerra, Tudela Puede, Podemos, CUP Tutera eta Ciudadanos).
“Itxaropentsua da familia politiko ezberdinetatik datozen pertsonak, askotan erakundeen egunerokoan aurrez aurre daudenak, elkarren ondoan helburu bakarrarekin lanean ikustea: ingurumena babestea”, baloratu du koalizioaren tokiko taldeak.
Tuterako Geroa Baik adierazi duenez jardunaldian parte hartzea oso positiboa izan zen “Tuteran ekimen hauek egiteko ohitura eza egon arren”. “Bertaratu ginenen erantzuna eta komentarioak ikusita ziur gaude lehen auzolan hau ez dela ekimen isolatu bat izango, baizik eta Tuteran hain beharrezkoa zen benetako ingurumen boluntariotza baten hasiera”, gaineratu du.
Azkenik, Geroa Bairen Tuterako duen toki erakundeak ekimen honi jarraipena emateko nola egin eztabaidatzea eskatu dio Udalari, bai eta Barcelosa inguruan isuri ilegalen arazoari behin betiko konponbideak bilatzea ere.