Txertaketa erritmo honekin talde immunitatea uda baino lehen lortuko dela uste duen galdetu dio Koldo Martínezek Gobernuari
Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak galdera egin dio Goi Ganberan Gobernuari, txertaketa kanpainak egun daraman erritmoarekin talde immunitatea uda baino lehen lortuko denaren ustea izaten jarraitzen ote duen jakiteko, bere garaian halako konpromisoa hartu baitzuen.
Era berean Koldo Martínezek Pfizer eta Modernarekin egindako kontratuen zehaztapenak eskatu dizkio Gobernuari, bai eta txerto berriak garatzen ari diren beste farmazia-etxerekin kontraturik ote duen ere. Dosien banaketarako Europar Batasunaren eta espainiar Estatuaren arteko baldintzak zehazki zeintzuk diren galdetu du.
“Osasun Ministeriotik iragarri zenez, behin txertoa lortu ondoren, Espainian talde immunitatea ekaina amaieran lortuko litzateke, uda baino lehen edozein kasutan, baina datuen bilakaera okerrak eta iragarpen horrek herritarren artean eragindako lasaitasun sentsazioa ikusirik, diskurtso hori baikorregia dela deritzogu, ez bada arduragabea zuzenean, eta horregatik, diskurtso hori ez dugu gure egiten”, nabarmendu du Koldo Martínezek Goi Ganberan erregistratu duen galderan. Horregatik galdetu dio Geroa Baik Gobernuari, egungo txertaketa erritmoarekin Osasun Ministerioak konpromisoa hartutako datan talde immunitatera iritsiko ote den.
“Ministerioak zein aldaketa deritzo beharrezkoa egitea txertaketa egutegian, bere martxan jartze eta garapenean, nahi hori errealitate bihurtzeko?” galdetu du Martínezek, era berean gogoraraziz “birusari aurre egiteko modu bakarrak aldi berean garatu beharreko lau estrategia behar dituela: ahalik eta konfinamendurik handiena edo, gauza bera dena, pertsonen mugikortasunaren urritze ahalik eta handiena; ahalik eta test kopuru handiena egitea; kontaktuen jarraipenerako ahalik eta langile kopuru handienaren partaidetza; eta herritar kopuru handienaren txertaketa ahalik eta bizkorrena”.
Koldo Martínez